Itxi

Europa Liga

Realak berdindu egin du Rijekaren aurka eta ez du hurrengo faserako txartela bermatu

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak bina berdindu (2-2) du kroaziarren aurka eta azken jardunaldian izango du jokoan final-hamaseirenetarako sailkapena. AZ Alkmaarrek eta Napolik ere berdindu egin dute (1-1).

David Silva (Reala) Rijekako lau jokalariz inguratuta. Argazkia: EFE

Realak bina berdindu du Rijekarekin (2-2) Europa Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko partida eta ezin izan du final-hamaseirenetarako txartela bermatu. Azken jardunaldian txuri-urdinek jokoan izango dute hurrengo fasera pasatzea. Napoli izango dute aurkari eta Italian garaipena lortuz gero aurrera egingo du txapelketa honetan. Gainera nahikoa izango du AZ Alkmaarrek lortzen duen emaitza bera lortuta

Baloiaren jabe izan da Reala lehen zatian eta golak sartzeko hainbat abagune izan ditu. Hala ere, jokalari txuri-urdinak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Isakek meritu handiko jokaldiak egin ditu, baina ate aurrean ezin asmatuta ibili da. Epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du hasiera baten, baina epaile laguntzailearekin hitz egin ostean erabaki du penaltia ez adieraztea. Realak barkatu egin du, eta Rijekak ez; talde kroaziarrak gola sartu du Nevisticen bitartez (0-1) korner baten ostean, izan duen lehen gol aukeran.

Bigarren zatian golaren bila jo du talde txuri-urdinak. Imanol Alguacil entrenatzaileak Jon Bautista eta Willian Jose zelairatu ditu, eta 68. minutuan Bautistak partida berdindu du (1-1), berriz Rijekaren aurka golegile izanda.

Dena den, pozak ez dio asko iraun Realari, beste korner baten Loncarrek gola sartu (1-2) duelako Rijekarentzat. Berriro, atzetik jarri da markagailuan Reala eta maldan gora jarri zaio neurketa. Hala ere, txuri-urdinek ekinean jarraitu dute eta Monrealek binakoa (2-2) egin du amaierarako hamar minutu falta zirenean. Azken txanpan garaipena lortzeko abaguneak izan ditu Realak, baina ez du asmatu eta partida berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 67. min), Le Normand, Zubeldia, Monreal; Zubimendi, Merino, Silva (Willian Jose, 67. min); Oyarzabal (Portu, 79. min), Januzaj (Roberto Lopez, 79. min) eta Isak (Bautista, 58. min).

2 - Rijeka: Nevistic;; Tornecak, Velkovski (Joao, 86. min), Galovic, Capan, Stefulj; Muric (Pavici, 74. min), Halilovic, Loncar, Menalo (Anastasio, 79. min); Andrijasevic (Yateke, 86. min)

Golak: 0-1, 37. min: Velkovski. 1-1, 68. min: Jon Bautista. 1-2, 73. min: Loncar. 2-2, 78. min: Monreal.

Epailea: Joao Pinheiro (Portugal). Txartel horiak atera dizkie Merino Realeko jokalariari, baita Andrijasevic eta Halilovic Rijekako futbolariei.

Albisteak (3)