Reale Arenan
Realak eta Eibarrek garaipena nahi dute, 13. jardunaldiko euskal derbian
Agentziak | Erredakzioa
Donostiarrek puntu batera dute Atletico Madril liderra, eta armaginek hiru puntuak nahi dituzte jaitsiera postuetatik gehiago aldentzeko.
Realak, LaLiga Santanderreko bigarren sailkatuak, Eibar hartuko du igandean Reale Arena estadioan, 13. jardunaldiko euskal derbian. Donostiarrek hiru puntuak nahi dituzte sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko.
Ostegunean Napoliren etxean bana egin eta Europa Ligako final-hamaseirenetarako txartela lortu ostean, donostiarrek garaipenaren bidera itzuli nahi dute etxean azken bi partidetan Vila-realekin (1-1) eta Alavesekin (0-0) berdindu ostean. Emaitza horien ondorioz, Imanol Alguacilen taldeak sailkapeneko lidergoa galdu du, Atletico Madrilen mesedetan.
Hala ere, txuri-urdinek puntu bakar batera dituzte madrildarrak eta ligan gol gehien egiten duen taldea izaten jarraitzen dute (22), eta gol gutxien jasotzen dituen bigarrena (5), Simeoneren taldearen atzetik. Orain helburua etxeko emaitzak hobetzea da: porrot bakarra jaso dute (Valentziaren aurka, 0-1, laugarren jardunaldian) eta orain arte berdindutako lau partidetatik bi Donostian jokatu dituzte.
Aurrean Eibar izango dute. Armaginak sailkapenaren erdiko partean dira, jaitsiera postuetatik hiru puntura eta Europakoetatik bira. Bosgarrenez jarraian punturen bat ateratzen saiatuko dira, azken lau norgehiagoketan garaipen bat eta hiru berdinketa lortu ostean, horietako azkena Valentziaren aurka (0-0).
Realean, Mikel Oyarzabal LaLigako pitxitxia baja eta David Silva ez da hasieratik arituko, eta Eibarren, berriz, Quique Gonzalez, Cote eta Sergio Cubero baja dira.
Balizko hamaikakoak:
Reala: Remiro; Zaldua, Aritz, Zubeldia, Muñoz; Guevara, Merino, Roberto López; Barrenetxea, Portu, Isak.
Eibar: Dimitrovic; Arbilla, Bigas, Burgos, Correa, Expósito, Bryan Gil, Diop, Inui, Muto, Kike García.
Epailea: Diaz de Mera (Gaztela Mantxako batzordekoa)
Estadioa: Reale Arena.
Ordua: 14.00