Itxi

Superkopa

Reala finalik gabe geratu da, Barçaren aurka penalti jaurtiketetan galdu ostean

A. B. | EITB Media

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak garaipena lortzeko aukerak izan ditu, baina ezin izan du finalerako txartela lortu. Neurketa eta luzapena bana berdinduta amaitu dira, eta Bartzelona nagusitu da penaltietan.

Isak (Reala), Ter Stegen (Barça) gainditu nahian. rgazkia: EFE

Realak porrota jaso du Bartzelonaren aurka jokatu duen Espainiako Superkopako finalerdian. Partida eta luzapena bana berdinduta (1-1) amaitu dira, eta penalti jaurtiketetan Barça nagusitu da (2-3). Ondorioz, Kataluniako taldea da Superkopako lehen finalista.

Erritmo biziarekin hasi da norgehiagoka eta Realak izan du lehen abagunea Isakek gora bidali duen erremate baten bidez. Parekatuak izan dira lehen minutuak, baina talde txuri-urdinak sortu ditu aukera argienak. Portuk abagune ona izan du 11. minutuan, baina jaurtiketa kanpora joan zaio gehiegi gurutzatuta. Bi minutu beranduago, Ter Stegenek gelditu du Le Normanden errematea, eta Barçako atezainak Realaren gola eragotzi du 18. minutuan, Isak area barruan jaurtitzeko prest zegoenean aurrea hartuta. Bartzelonaren erantzuna 26. minutuan etorri da Braithwaitek egindako jaurtiketaren bidez, baina Remiro atezainak gelditu egin du. Ondoren, neurketa berriro parekatu da, eta 39. minutuan Bartzelonak gola sartu du; Griezmannek jokaldi ona egin, erdiratu eta De Jongek 0-1ekoa sartu du, buruz errematea sare barrura bidalita. Atsedenaldira iritsi aurretik, Monreal ondo sartu da ezker hegaletik, pasea eman du area barrura, baina ez da errematera iritsi talde txuri-urdineko jokalaririk.

Bigarren zatian erasokor zelairatu da Reala, eta epaileak talde txuri-urdinaren aldeko penaltia adierazi du 48. minutuan, De Jongek baloia eskuarekin jo baitu area barruan. Oyarzabalek banakoa (1-1) jarri du markagailuan, penaltiz Ter Stegen atezaina gaindituta.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak neurketa berdindu ostean, partida zabaldu eta joan-etorrikoa izan da. Dembelek gertu izan du gola 63. minutuan, baina frantziarraren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Realak zazpi minutu beranduago erantzun du Isaken jokaldi on batekin, nahiz eta taldekiderik ez den iritsi suediarrak arean eman duen pasea harrapatzera. Remiro atezainak Pedriren jaurtiketa desbideratu du 79. minutuan, Barçaren gola saihestuz. Partidako azken hamar minutuetara oso nekatuta heldu dira bi taldeak, eta bietako bat ere ez da beste gol bat sartzeko gai izan.

Luzapena jokatu behar izan da, neurketa bana amaitu ostean. Reala eta Barça bizi zelairatu dira lehen 90 minutuen ondoren atseden hartu ostean. Luzapeneko 3. minutuan Zalduak jaurtiketa bikaina egin, eta Ter Stegen atezainak erantzun paregabea eman dio, txuri-urdinen gola eragotzita. Bartzelonaren erantzuna kontraeraso baten eraginez iritsi da; Dembele area barruan sartu da, Zubeldia atzean utzi du, eta jaurtiketa Remiro atezainak gelditu du.

Golik gabe amaitu da luzapeneko lehen zatia, eta bi taldeei kosta egin zaie gol aukera sortzea. Barçak abagunea izan du 110. minutuan, baina Remirok gelditu du Griezmannen bolea. Jarraian, Realak kontraerasoa antolatu du, Januzajek hegaletik erdiratu, eta Oyarzabalen errematea Ter Stegenek kornerrera desbideratu du. Bi minutu beranduago, Januzajek jokaldi ikusgarria egin du; bere zelaitik baloiarekin irten da, aurkari guztiak atzean utzi ditu, area barruan jaurtiketa egin, eta Barçako atezainak eragotzi du belgikarraren gola. Norgehiagokako 117. minutuan ere Januzaj izan da protagonista, falta jaurtiketa zutoinera bidalita. Barça eta Reala ez dira luzapenean golik sartzeko gai izan, eta finalerako txartela penalti jaurtiketen bidez erabaki behar izan da.

Realak, jaurti dituen lehen hiru penaltiak huts egin ditu; Ter Stegenek Bautistaren eta Oyarzabalen jaurtiketak gelditu ditu, Willian Josek zutoinera bota duelarik. Bartzelonaren aldetik, De Jongek huts egin du lehenengoa, eta Dembelek eta Pjanicek gola sartu dute. Ondoren, Merinok penaltia sartu du Realarentzat, Griezmann Barçako jokalariak kale egin du. Januzajek ez du kale egin, baina Riqui Puigek Remiro gainditu du penalti jaurtiketan eta Bartzelonak lortu du finalerako txartela.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 91. min) (Bautista, 119. min), Zubeldia, Le Normand, Nacho Monreal; Guridi (Barrenetxea, 80. min), Guevara (Zubimendi, 105. min), Merino; Portu (Januzaj, 102. min), Isak (William Jose, 91. min) eta Oyarzabal.

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Mingueza (Junior Firpo, 113. min), Araujo, Lenglet, Jordi Alba; Busquets (Pjanic, 91. min), De Jong, Pedri (Riqui Puig, 91. min); Dembele, Griezmann eta Braithwaite (Trincao, 77. min).

Golak: 0-1, 39. min: Frenkie De Jong. 1-1, 50. min: Oyarzabal, penaltiz.

Penalti jaurtiketak: 0 - 0, Bautistak, huts. 0 - 0, De Jongek, huts. 0 - 0, Oyarzabalek, huts. 0 - 1, Dembelek, gola. 0 - 1, Willian Josek, huts. 0 - 2, Pjanicek, gola. 1 - 2, Merinok, gola. 1 - 2, Griezmannek, huts. 2 - 2, Januzajek, gola. 2 - 3, Riqui Puigek, gola.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiakatera dizkie Dembele eta Mingueza Bartzelonako jokalariei, baita Le Normand Realeko futbolariari.

Albisteak (3)