Itxi

Final-hamaseirenak

Manchester Uniteden aurka jokatzeko ordezko zelaiak aztertzen ari da Reala

L.E.A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Covid-19aren aldaera britainiarrari aurre egiteko, Erresuma Batuko hegaldien zein itsasontzien sarrera murriztu egin dute Espainian. Astelehenean erabakiko dute partidak non jokatu.

Reale Arena futbol zelaia. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Reala Manchester Uniteden aurka jokatzeko ordezko zelaiak aztertzen ari da, otsailaren 18rako aurreikusitako partida Reale Arenan jokatzea ezinezkoa den kasurako. Erresuma Batuko hegaldiek sarrera mugatua dute Espainian, covid-19aren aldaera britainiarraren hedapena gelditzeko.

Ondorioz, Espainiako edo Andorrako bidaiariak soilik dauzkaten hegaldiek bakarrik dute Espainian sartzeko baimena. Momentuz, neurri hori otsailaren 16ra arte izango da indarrean, baina baliteke Espainiako Gobernuak epe hori luzatzeko erabakia hartzea.

Realaren eta Manchester Uniteden arteko final-hamaseirenetako joaneko partida otsailaren 18rako aurreikusita dago, baina UEFAren protokoloaren arabera, astelehenean neurketa non jokatuko den erabakita egon behar du. Hori dela era, Realari ordezko zelaiak proposatzeko eskatu dio, Manchester taldea Donostira joateko moduan ez bada.

Joaneko partida ere, arriskuan

Realean barneratuta dute egoerak hobera egiten ez badu otsailaren 25erako Old Trafforden aurreikusitako itzuliko partida ezin izango dela Manchesterren zelaian jokatuko, eta beste zelai batean jokatu beharko dutela.

Astelehenean, bi partiden behin betiko zelaiak erabakiko dituzte bi taldeek, UEFArekin batera.

Albisteak (1)

Bideoak (2)