Igandean 16:15ean
Realak Europako jipoia ahaztu nahi du; eta Alavesek, berriz, puntuak behar ditu
EITB MEDIA
Ligan hirugarren garaipena jarraian lortzeko helburuarekin zelairatuko dira txuri-urdinak. Gasteiztarrek ere garaipena nahi dute, baina jaitsiera postuetatik aldentzeko.
Realak eta Alavesek euskal derbia jokatuko dute igandean Reale Arenan. Bi taldeek jipoiak hartu dituzte jokatutako azken neurketetan; donostiarrek Europa Ligan eta arabarrek LaLigan.
Txuri-urdinek kolpea hartu zuten ostegunean Manchesterrekin 0 eta 4 galduta, baina LaLigako azken bi jardunaldietan garaile atera dira, Cadizen eta Getaferen aurka. Ondorioz, sailkapenean bosgarren dira eta datorren denboraldian Europan jokatzeko aukerei eusten diete.
Gasteiztarrek, berriz, 5 eta 1 galdu zuten Bartzelonarekin Camp Nou zelaian, baina Getaferen (0-0) eta Valladoliden (1-0) aurka hasitako bideari jarraitu nahi diote, golik jaso gabe. Hori behar-beharrezkoa izango dute jaitsiera postuetatik aldentzeko.
Abelardo Alavesen aulkira itzuli denetik, taldeak defentsan hobetu du eta ez dio erasoari uko egin, eta arriskua sortzen ari dira Lucas Perez eta Joselu Mato jokalariekin.
Ustezko hamaikakoak
Reala: Remiro, Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Illarramendi, Silva, Merino; Oyarzabal, Januzaj eta Isak.
Alaves: Pacheco; Martín, Lejeune, Tachi o Laguardia, Duarte; Édgar Méndez, Manu García, Tomás Pina, Córdoba o Rioja; Lucas eta Joselu.
Epailea: Munuera Montero (Andaluziako Batzordekoa).
Estadioa: Reale Arena (igandean, 16:15ean).