Apirilaren 1ean itzuliko da
Isak Suediako selekzioaren deialdian sartu da
A. B. | EITB Media
Jan "Janne" Andersson hautatzaileak Realeko aurrelaria deitu du Suediako selekzioak martxoaren 25ean, 28an eta 31n jokatuko dituen partidetarako. Printzipioz, apirilaren 1ean itzuliko da.
Alexander Isak Realeko aurrelaria deitu du Jan "Janne" Andersson Suediako selekzioko hautatzaileak martxoaren 25ean eta 28an jokatu beharreko Qatarreko Munduko Txapelketara sailkatzeko faseko partidetarako.
Suediak Georgia izango du aurkari martxoaren 25ean eta Kosovoren kontra jokatuko du martxoaren 28an. Ondoren, martxoaren 31n, adiskidantzazko neurketa jokatuko du Estoniaren aurka. Printzipioz, Isak apirilaren 1ean itzuliko da Realaren entrenamenduetara, Athleticen aurkako Errege Kopako finala baino bi egun lehenago. Hala ere, posible da Suediako hautatzaileak Isaki Donostiara itzultzeko baimena ematea Kosovoren kontrako neurketaren ostean.
Bestalde, deialdiko protagonista Zlatan Ibrahimovic izan da, 39 urterekin bueltatuko baita, nahiz eta duela ia bost urte uko egin zion selekzioan jarraitzeari.