Reala korapilatu egin da Huescaren etxean (1-0)
L. E. A. | EITB MEDIA
Aritz Elustondok 87. minutuan bere atean sartutako gol polemiko batek garaipena eman dio etxeko taldeari. Huescak partida serioa egin du, mailari eusteko borrokan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak 1 eta 0 galdu du Huescaren aurka LaLiga Santanderreko 34. jardunaldian jokatutako partida. Neurketako gol bakarra Aritz Elustondok egin du, azken minutuetan, bere atean. Jokaldi eztabaidagarria izan da, Huescako jokalari bat jokoz kanpo egon delako Sandrok gola eragin duen falta jaurti duenean.
Norgehiagoka, orokorrean, orekatua egon da. Lehen zatian, Huescak izan du jokoaren kontrola eta beraiek izan dituzte aukerarik onenak.
Atsedenaldiaren ostean, donostiarrek aurrera egin dute, baina gola egiteko aukera argirik sortu gabe. Bi atezainek lan gutxi izan dute. Azken minutuetan, Sandrok falta bat atera du eta Elustondoko buruarekin jo du jaurtiketa desbideratzeko asmoarekin, baina baloia Remiroren atean sartu du.
Emaitza honen ondorioz, Realak bosgarren jarraitzen du baina igandean jokatzen duten Betis eta Vila-real asko gerturatu daitezke, euren partidak irabaziz gero. Huescak, berriz, mailari eusteko ametsari eutsi.
Fitxa teknikoa
1 - Huesca: Alvaro Fernández; Maffeo (Pedro López, 75. min), Vavro, Pulido, Siovas (Doumbia, 90. min), Javi Galán; Mikel Rico (Mosquera, 75. min), Seoane, Ferreiro (Sergio Gómez, 68. min); Sandro (Gastón Silva, 90. min) eta Rafa Mir.
0 - Reala: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 65. min), Elustondo, Le Normand, Monreal; Januzaj (Barrenetxea, 58. min), Guevara, Zubimendi, Oyarzabal (Silva, 65. min); Portu eta Isak (Bautista, 81. min).
Gola: 1-0, M.87: Elustondok, bere atean.