2-0
Realak aurrerapausoa eman du Europa Ligarako lehian, Elxi irabazita
A. B. E. | EITB Media
Talde txuri-urdinak garaipena lortu du Elxen aurka (2-0) jokatu duen Santander Ligako 35. jardunaldiko partidak. Alacanteko taldeko Raul Gutik txartel gorria ikusi du hamargarren minutuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak garaipena lortu du Elxen aurka (2-0) jokatu duen Santander Ligako 35. jardunaldiko partida. Europa Ligara sailkatzeko lehian aurrerapausoa eman du talde txuri-urdinak.
Norgehiagokako bigarren minutuan izan du abagunea Realak; Oyarzabalek jokaldi bikaina egin du, aurkari guztiak atzean utzi ditu, eta area barrutik egin duen jaurtiketa Gazzaniga atezainak gelditu du. Hasieratik baloiaren jabe egin da talde txuri-urdina. Gainera, zortzigarren minutuan Elx jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak txartel gorria atera baitio Raul Gutiri, Gorosabeli egin dion sarrera gogorrarengatik.
Ondoren, nagusi izaten jarraitu du Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak. Silvaren jaurtiketa langa gainetik joan da 13. minutuan, eta bost minutu beranduago, Isak bakarrik geratu da Gazzanigaren aurrean, suediarrak baloia loratu du, eta baloia langa gainetik kanpora joan da. Norgehiagokako 27. minutuan Realak gola sartu du Monrealen bidez, baina epaileak baliorik gabe utzi du, pasea eman duen David Silva jokoz kanpo egon delako. Bideo-arbitraje laguntzaileak (VAR) argitu du talde donostiarreko jokalaria jokoz kanpo zegoela.
Atsedenaldira iritsi aurretik, Reala saiatu da erasora jotzen, baina Elx atzean sartuta egon da, sendo ibili da defentsako lanean, eta txuri-urdinek ezin izan dute aurkariaren atea zulatu lehen zatian.
Erasokor zelairatu da Reala bigarren zatian, baina abagune argiak sortzea kosta zaio, jokalari batzuk urduri jartzen hasi dira, eta Donostiako taldeak ezin izan du zulorik aurkitu Elxeko defentsako lerroan. Le Normaden erremate baten bidez gertu izan du gola Realak, baina atzelariak ezin izan du aurkariaren atea zulatu. Elx atzean sartuta egon da, eta Realari gola aukerak sortzea falta izan zaio. Hala ere, 72. minutuan, Aritz Elustondok gola sartu du (1-0), Oyarzabalek kornerretik egin duen erdiraketa sare barrura bidalita.
Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak gola sartu ostean, Elx aurrera jotzen saiatu da, baina Realak kontrolpean izan du neurketa. Gainera, Oyarzabalek 2-0ekoa jarri du markagailuan 91. minutuan, garaipena biribilduz.
Fitxa teknikoa:
2.-Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal: Guridi (Barrenetxea, 46. min), Guevara (Zubimendi, 46. min), Silva: Januzaj (Portu, 86. min), Oyarzabal eta Isak (Jon Bautista, 81. min).
0.- Elx: Gazzaniga; Palacios, Calvo, Verdu, Barragan; Josan (Piatti, 66. min) , Guti, Mfulu (Luismi, 85. min), Fidel; (Marcone, 46. min) Milla (Rigoni, 85. min), Boye (Carrillo, 66. min).
Epailea: Cordero Vega. Txartel gorria atera dio Raul Guti Elx taldeko jokalariari, 10. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Guevara Realeko jokalariari, baita Verdu, Borragan eta Gazzaniga Elxeko futbolariei.
Golak: 0-1, 71. min: Aritz. 2-0, 91. min: Oyarzabal.