2-1
Reala galtzaile atera da Atletico Madrilen aurkako lehiatik
A. B. E. | EITB Media
Talde txuri-urdinak 2-1eko emaitzarekin galdu du Wanda Meropolitano zelaian jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak galdu egin du Atletico Madrilen aurka (2-1) asteazken honetan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida. Talde txuri-urdinak bosgarren postua gal dezake, ostegunean Betisek Eibarren aurka garaipena lortuz gero.
Atletico Madril jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino. Lehen hamar minutuetan Suarezek bi abagune argi izan ditu, baina ez da gola sartzeko gai izan. Ondoren, Llorentek jokaldi bikaina egin, eta Remiro atezainak erantzun bikaina eman dio. Ekinean ibili da talde koltxoneroa, eta Carrascok gola sartu du (1-0) 16. minutuan, Llorenteren pasea jaso, buelta eman eta Remiro gaindituta.
Gola jaso ondoren, jokaldi ona egin du Realak, baina Barrenetxearen errematea Oblak atezainak gelditu du. Hala ere, Atletico Madril izan da baloiaren jabe, eta Correak 2-0ekoa jarri du markagailuan; Suarezek pase ona eman dio Correari, eta argentinarrak ez du huts egin Realaren ate aurrean.
Lehen gola hartu ondoren gertatu bezala, talde txuri-urdinak abagunea izan du bigarren gola jaso ostean, baina Isaken errematea Oblakek gelditu du. Bost minutu geroago, Oblak atezainak txuri-urdinen gola eragotzi du, Isaken jaurtiketa kornerrera desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran ere, nagusi izan da Atletico Madril. Simeonek zuzentzen duen taldeak neurketa erabakita uzteko hainbat abagune izan ditu, baina ez da txuri-urdinen atea zulatzeko gai izan. Suarezek ez du bere egun onena izan, 53. minutuan gola sartzeko beste aukera argi bat huts egin baitu. Zazpi minutu geroago, Carrascoren jaurtiketa kanpora joan da. Gaizki pasatzen ibili den arren, Realak ez du etsi, eta desabantaila murrizteko aukera izan du 67. minutuan, baina, beste behin Oblak atezainak txuri-urdinen gola saihestu du Porturen jaurtiketa desbideratuta.
Pixkanaka, hobeto jokatzen hasi da Reala, eta Atletico Madril atzean sartu du norgehiagokako azken txanpan. Hala ere, talde koltxoneroak neurketa guztiz erabakita uzteko aukera izan du 77. minutuan; Luis Suarezek, ordea, kale egin du Remirorekin izan duen buruz burukoan. Hiru minutu geroago, abagune bikaina izan du Realak: Portuk area barrutik egin duen jaurtiketak zutoina jo du, aldaratzea Bautistak jaso, jaurti, Savicek aldendu duen baloia Roberto Lopezi iritsi zaio, eta horren jaurtiketa kanpora joan da. Neurketako 83. minutuan jaso du saria Realak, korner baten ostean Zubeldiak errematea sare barrura bidali eta markagailuan 2-1ekoa jarri duenean.
Partidako azken minutuetan, talde txuri-urdinak atzean sartu du Atletico Madril, baina Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak ezin izan du abagune argirik sortu, koltxoneroak sendo ibili dira defentsako lanean, eta punturik lortu gabe geratu da Reala.
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso; Llorente, Koke, Saul (Kondogbia, 73. min), Carrasco; Correa (Joao Felix, 73. min), Luis Suarez (Lodi, 81. min).
1 - Reala: Remiro; Zaldua, Aritz Elustondo (Zubeldia, 69. min), Sagnan (Pacheco, 59. min), Monreal (Roberto Lopez, 59. min); Zubimendi, Guridi; Portu, Oyarzabal (Merquelanz, 69. min), Barrenetxea; Isak (Bautista, 46. min).
Golak: 1-0, 16. min: Carrasco. 2-0, 28. min: Correa. 2-1, 83. min: Zubeldia.
Epailea: Cuadra Fernandez.