Errege Kopa
Real Sociedad-Mallorca (2-0): Txuri-urdinen aurrerapauso handia
Erredakzioa
Realak abantaila garrantzitsua lortu du norgehiagoka serioa jokatu ostean. Aranburuk eta Agirretxek sartu dituzte golak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak aurrerapauso garrantzitsua eman du gaur Errege Kopako final-laurdenetara sailkatzeko. Mallorcaren aurkako kanporaketa bideratu egin dute txuri-urdinek estualdi handirik pasa gabe. Mikel Aranburuk eta Imanol Agirretxek golak sartu dituzte.
Lehen zatiaren aurreneko minutuetan partidaren eta baloiaren kontrola bereganatu du Mallorcak, baina ez du sakontasun handirik izan. Horrela, Mallorcak 2. minutuan izan du lehen aukera, Hemeden bitartez.
Realak kontraeraso batean hautsi du Mallorcaren nagusitasuna, 17. minutuan gola sartu ostean. Eñaut Zubikarai atezain txuri-urdinak Mallorcako jokalari baten erremate arriskutsu bat gelditu eta ondorengo kontraerasoan Aranburuk gola egin du. Realeko kapitainak Agirretxeren pase bat ederki baliatu du.
Gola sartu eta gero txuri-urdinek erraztasun handiagoz kontrolatu dute norgehiagoka eta Caparrosen taldeak ez du ia arriskurik sortu atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatiaren hasieran bi taldeak arriskua sortzen saiatu dira. Bi taldeek pare bat jaurtiketa arriskutsu egin dituzte. Minutu gutxi geroago Realak bigarren gola sartu du jokaldi on baten ostean. Aranburuk jaurti eta Calatayud atezainaren aldaratzeak langan jo du. Agirretxek aldaratze hori aprobetxatu du bigarren gola sartzeko.
Markagailuan hurbildu nahian lerroak aurreratu ditu Joaquin Caparros Mallorcako entrenatzaileak. Nahiz eta Mallorcak aukeraren bat sortu markagailua ez da mugitu.
Fitxa teknikoa:
Reala: Zubikarai; Estrada, Demidov, Mikel Gonzalez, De la Bella; Elustondo, Aranburu (Mariga, 81. minutua), Griezmann (Vela, 72. minutua), Prieto, Zurutuza; Agirretxe (Llorente, 77. minutua).
Mallorca: Calatayud; Cendros, Marti Crespi, Ramis, Pablo Caceres; Alfaro, Joao Víctor, Pep Marti (Tissone, 72. minutua), Tejera (Nsue, 46. minutua), Hemed (Abdon, 82. minutua); Alvaro.
Golak: 1-0, 17. minutua: Aranburu. 2-0, 55. minutua: Agirretxe.