Algeciras kanporatu du (2-1)
Sansek Bigarren Mailara igotzea lortu du
A. A. | EITB MEDIA
Realaren bigarren taldeak 2-1 irabazi dio Algecirasi, Karrikaburu aurrelari nafarrak luzapenean sartu duen gol bati esker.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sansek Bigarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian, Algecirasi irabazi baitio Bigarren B Mailako igoera faseko azken kanporaketan (1-2), Jon Karrikaburu aurrelari nafarrak luzapeneko lehen zatia amaitzear zela sartu duen golari esker.
Txuri-urdinek ez dute partida erraza izan, bigarren zatiari ekin eta ia berehala, 52. minutuan, galtzen jarri baitira euren atean sartu duten gol batekin. Andaluziarrek erdiraketa bat egin dute ezker aldetik, eta Ezkurdiari buruan jo dio eta Ayesaren ate barrura sartu da baloia.
Alabaina, handik minutu gutxira zortea aldeko izan dute Xabi Alonsoren mutilek. Aldasorok jokaldi ederra gauzatu du eskuin hegaletik, eta haren erdiraketa Figuerasek bere aterantz desbideratu du atezainaren ezinaren aurrean (1-1).
Berdinketa horrek balio zion Sanseri mailaz igotzeko baldin eta luzapenaren bukaeran emaitza horrek jarraitzen zuen markagailuan. Hori dela eta, Algecirasekoak gogor saiatu dira, eta aukera paregabea izan dute neurketa amaitzeko bost minuturen faltan, baina Ayesa atezainak bikain asmatu du Alvaro Romero aurrelariak zer egin nahi zuen aurrez aurre geratu direnean.
Horrenbestez, arauzko denbora banako emaitza horrekin amaitu da, eta luzapena jokatu behar izan dute. Luzapen horren lehen zatia amaitzear zegoela, Solak jokaldi ederra egin du, eta area barruan zegoen Karrikabururi bidali dio baloia. Aurrelari nafarrak mugimendu aparta eginez, gurutzatuta jaurti eta gola erdietsi du.
Luzapeneko bigarren zatian, Algecirasekoek ekinean jarraitu dute, eta Llinaresek langaren konta bidali du aukera bat, baina ezin izan dute urrutirago iritsi, eta, azkenerako, Realak lortu du mailaz igotzea.
Donostiarrak ez dute Bigarren Mailan jokatzen 1961-1962 denboralditik, hau da, lehen taldearen jaitsieraren ondorioz maila galdu zutenetik.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Sociedad B: Gaizka Ayesa; Imanol Ezkurdia (Jiménez, 55. min), Alex Pecharromán, Urko González de Zárate, Jérémy Blasco; Aritz Arambarri, Xeber Alkain (Alex Sola, 55. min), Aritz Aldasoro (Unai Vega, 76. min); Roberto Navarro (Jon Karrikaburu, 76. min), Beñat Turrientes (Garrido, 65. min); eta Julen Lobete.
1 - Algeciras: G. Vallejo; Dani Espejo, Robin (Canillas, 104. min), G. Almenara, Figueras; Alcázar (Ubis, 81. min), Llinares, Ivan T. (Yago, 97. min), Armando; Raúl eta Alvaro Romero.
Golak: 0-1, 50. min: Ezkurdia, bere atean. 1-1, 63. min: Figueras, bere atean. 2-1, 105. min: Karrikaburu.
Epailea: Mateo Busquets Ferrer. Txartel horiak: Urko González de Zárate (Real Sociedad B); Robin, Alvaro Romero, Ubis, Figueras eta Llinares (Algeciras).