Kargatzen...
Itxi

3. JARDUNALDIA

Realak Levanteri irabazi dio, eta bigarren partida bereganatu du jarraian (1-0)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Barrenetxearen gola nahikoa izan da txuri-urdinek Paco Lopezen taldea mendean har zezaten, eta bultzada hartu dute Ligako estreinaldiko porrotaren ostean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak bigarren garaipena lortu du jarraian, Levanteri irabazita (1-0), Ander Barrenetxeak lehen zatian lortutako golari esker, eta Europako postuetan kokatu da.

Valentziako taldea ausart atera da, Realaren antzeko jokamoldearekin, baina bizitasun puntu bat gehiago izan du hasierako minutuetan: Canterok hurbilketa arriskutsua izan du, baina Bardhi ez da gutxigatik iritsi.

Etxekoek hobera egin dute partidak aurrera egin ahala, eta ordu erdira Silvaren jokaldi ikusgarri batekin lehen abisua eman dute.

Txuri-urdinen aukerarik onena handik gutxira iritsi da, Oyarzabal Cardenasen aurrez aurre geratu denean. Eibarreko jokalari trebeak bere ezkerra prestatu du eta zaleek euren eztarria, gola iristear zela ikusten zutelako, baina gipuzkoarrak langaren gainetik bidali du bere errematea.

Barrenetxeak ez du distira gehiegirik izan lehen zatian, baina ahaleginean jarraitu du, eta atsedenaldirako lau minutu falta zirenean bere jaurtiketa altxor bilakatu da etxekoentzat, Duartek desbideratu ondoren.

Altxor hori gorputz eta arima eta futbol onarekin defendatu du Imanol Alguacilen taldeak bigarren zatian, nahiz eta Levantek Morales zelairatu duen azken ordu erdian markagailua iraultzeko.

Alabaina, gipuzkoarrak izan dira gola valentziarrek baino gertuago izan dutenak berdinketa lortzeko, Robert Navarrok zutoinera jaurti baitu amaierarako 2 minuturen faltan.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Sociedad: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 85. min), Aritz, Le Normand; Muñoz; Zubimendi, Silva (Robert Navarro, 81. min), Merino; Barrenetxea (Januzaj, 81. min), Isak (Sorloth, 85. min) eta Oyarzabal (Portu, 68. min).

0 - Levante: Cárdenas; Miramón, Vezo, Duarte, Clerc; Melero, Radoja (Pablo Martínez, 75. min), Campaña, Bardhi (Morales, 64. min); Roger Martí eta Cantero (De Frutos, 64. min).

Golak: 1-0, 41. min: Barrenetxea.

Epailea: Munuera Montero (Andaluzia). Txartel ghoriak: Gorosabel (Reala) eta Cantero (Levante).

Albisteak (4)

Bideoak (1)