Itxi

10. JARDUNALDIA

Realak berdindu egin du Wandan eta lider jarraitzen du (2-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Donostiarrak 0-2 aurreratu dira Sorloth eta Isaken golei esker, baina Atleticok lehia berdintzea lortu du Luis Suarezen bi golekin. Txuri-urdinek 21 puntu dituzte, Real madrilek eta Sevillak baino bat gehiago.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak 2-2 berdindu du Atleticoren aurka, Wanda Metropolitano futbol zelaian jokatu den 10. jardunaldiko azken neurketan. Txuri-urdinak estu igaro dituzte neurketako lehendabiziko bost minutuak; alabaina, orduan, baloi bat lapurtu dute zelai erdian, kontraeraso ezin ederragoa antolatu dute Merino, Silva, Isak eta baloia sare barrura bidali duen Sorlothen artean. Jokaldi azkar bezain ikusgarria izan da txuri-urdinek antolatu dutena markagailuan aurreratzeko.

Une horretatik aurrera, Reala partidaren jabe egin da, eta estutasun handiak sortu dizkio egungo txapeldunari. Hala, Joao Felixek galdu duen beste baloi batek korrika bizian jarri du berriro Sorloth norvegiarra, baina oraingo horretan Isaken tiro samur batean amaitu da jokaldia. Realak ildo beretik jarraitu du lehen zati osoan: Atleticori baloiak lapurtzen eta madrildarren area ingurura arriskua eramaten behin baino gehiagotan. Bien bitartean, apenas zegoen berririk etxekoen hiru aurrelarien inguruan (Joa Felix, Luis Suarez eta Griezmann).

Bigarren zatia hasi eta berehala, Isakek 0-2koa lortu du falta jaurtiketa bat baliatuta. Suediarrak Oblaken zutoinera bideratu du bere zartakoa, eta atezain esloveniarra ez da hura gelditzeko gai izan.

Egoera horren aurrean, Simeonek beste bi aurrelari atera ditu (Yannick Carrasco belgikarra eta Angel Correa argentinarra), eta hainbesteko erasotzaileren pilaketatik Suarezen 1-2koa iritsi da, Joao Felixen erdiraketa baten ondorioz.

Etxekoen oldarraldi bizian, Munuera Montero epaileak Atleticoren aldeko penaltia adierazi du, Mikel Merinok Suarezi egindako falta zalantzagarri batengatik. Golegile uruguaitarrak 2-2koa jarri du markagailuan.

Ondorioz, gipuzkoarrek puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute oso bideratuta zeukaten norgehiagoka baten ostean. Dena dela, Imanol Alguacilen taldeak sailkapeneko lehen postuan segitzen 21 punturekin, hau da, bere atzetik dauden Real Madril eta Sevillak baino puntu bat gehiagorekin.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak; Trippier, Felipe, Hermoso (Herrera, 72. min), Lodi (Correa, 57. min); De Paul (Kondogbia, 57. min), Koke, Lemar (Carrasco, 46. min); Griezmann (Cunha, 72. min), Luis Suárez, Joao Félix.

2 - Real Sociedad: Remiro; Aritz, Le Normand, Zubeldia, Gorosabel; Zaldua (Turrientes, 62. min), Guevara, Mikel Merino, Silva (Pacheco, 62. min), Sorloth (Lobete, 84. min); Isak (Portu, 62. min).

Golak: 0-1, 7. min: Sorloth. 0-2, 47. min: Isak. 1-2, 60. min: Luis Suárez. 2-2, 77. min: Luis Suárez, penaltiz.

Árbitro: Munuera Montero. Txartel horia: Felipe (Atletico); Zaldua, Aritz eta Merino (Reala).

Albisteak (3)

Bideoak (1)