Itxi

22. JARDUNALDIA

Realak ezin izan du Getafe gainditu (0-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Distira handirik gabeko partidan, Imanol Alguacilen mutilek bi baloi bidali dituzte langara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak eta Getafek golik gabe berdindu dute Reale Arenan jokatutako partidan, argi baino itzal gehiago izan dituen neurketan, markagailua desorekatzeko aukera gutxirekin, nahiz eta horietako bitan etxekoek langara bidali duten baloia.

Txuri-urdinek ezin izan dute egin Atleticoren aurka Kopan erakutsi zuten joko bizia; izan ere, sasoiko dabilen Quique Sanchez Floresen taldeak beste era batera jardutera behartu ditu etxekoak. Hala, Realak eta Getafek elkarri indarrak neurtzen igaro dituzte lehendabiziko 45. minutuak, aurkariari min handirik egin gabe.

Lehen zati osoko abagune bakarra 30. minutuan iritsi da, Madrilgo taldeak aurrerapauso bat emateko erabakia hartu duen aukera bakanetakoan. Damianek Oscarri emandako pase bat Sevillak utzitako erasotzailearen jaurtiketa bikain batekin amaitu da, eta Remirok geldiketa ona egin du gola saihesteko. Etxekoen erantzuna berehala etorri da Oyarzabalen banakako jokaldi bikain batekin, baina haren jaurtiketa ez da Getaferen sare barrura iritsi.

Bigarren zatia erasokorrago hasi dute bi aldeek. Lehendabizi, Soriak langara desbideratu du Le Normanden errematea, korner batean. Jarraian, Remiro izan da geldiketa aparta egin behar izan duena beste korner batean, Oliveraren saiakera oztopatzeko.

Isak eta Portu zelairatzearekin batera, Realaren erasoaldiek bizitasuna irabazi dute, eta, norgehiagokaren azken txanpan, txuri-urdinek gogotik bilatu dute gola; Isakek ez du urruti izan, batez ere luzapenean langara jaurtiketa ikaragarria egin duenean. Aurretik, Cuencak ia atepean urrundu du suediarraren beste saiakera bat. Haatik, txukun aritu da defentsan, eta puntua lortzeko gai izan da.

Fitxa teknikoa:

0 - Real Sociedad: Remiro; Zaldua, Zubeldia (Elustondo, 61. min), Le Normand, Rico; Guevara, Rafinha (Silva, 68. min), Guridi (Turrientes, 82. min); Januzaj (Portu, 68. min), Oyarzabal eta Sorloth (Isak, 61. min).

0 - Getafe: David Soria; Djené, Mitrovic Cuenca, Damián Suárez; Arambarri, Maksimovic, Olivera, Aleña; Borja Mayoral (Mata, 75. min) eta Óscar Rodríguez (Darío Poveda, 84. min).

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Zubeldia (Reala) eta Cuenca (Getafe).

Albisteak (3)

Bideoak (1)