ERREGE KOPA
Realak 0-4 galdu du Betisen aurka, eta Kopatik kanpo geratu da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Andaluziako taldea azkar aurreratu da, Juanmiren gol bati esker, eta bigarren zatian utzi du partida erabakita, kontraerasoak baliatuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak ezin izan du Betis gainditu Errege Kopako finalerdietara heltzeko, Andaluziako taldea askoz eraginkorragoa azaldu baita final-laurdenetako neurketan (0-4). Juanmi Jimenez jokalari txuri-urdin ohia izan da partidako protagonistetako bat, bi gol sartu baititu; hirugarrena, Willian Josek egin du penaltiz (Realak utzita ari da jokatzen Betisen), eta laugarrena, Aitor Ruibalek.
Betisek hobeto ekin dio neurketari, presio handia eginez Realaren baloi irteera eragozteko, eta horren erakusgarri da lehen bost minutuetan andaluziarrek hiru korner atera dituztela.
Hori handik gutxira gertatuko zenaren aurrerapena besterik ez da izan; izan ere, 12. minutuan, Fekirrek pase sakona eman dio William Carvalhori, eta hura Guevara baino biziago ibili da Realaren hondoko marran baloiaz jabetzeko. Ondoren, portugaldarrak txuri-urdinen area barrura erdiratu, eta Juanmik sare barrura bidali du baloia.
Etxekoei beste bost minutu kostatu zaie erreakzionatzea, baina baloiaren jabetza eskuratu dute apurka-apurka, eta arriskua sortzen hasi dira Rui Silvaren atearen inguruan. Horren adierazle izan da Oyarzabalek areaz kanpotik egindako jaurtiketa, baina Betisen atezainaren erantzuna nahikoa izan da kornerrera aldentzeko.
Gerora, 28. minutuan, donostiarrek beste korner bat izan dute alde, eta Le Normand atzelariak gertu izan du berdinketa buruarekin, baina zutoinetik oso hurbil alde egin dio baloiak.
Hamar minutu geroago, Reala neurketa orekatzeko gai izan da, Januzajen bidez. Alabaina, epaileak ezerezean utzi du zale txuri-urdinen poza; izan ere, belgikarrari ezkerreko hegaletik baloia erdiratu dion Oyarzabelen jokoz kanpokoa adierazi du, VARaren bidez. Zalantza handiak sortu dituen jokaldia izan da.
Lehen zatiko Realaren minutu onenak izan dira tarte horretan. Aitzitik, neurketa atsedenaldira iristear zegoela, Betisek abagune argia izan du bere presioari esker. Remirok baloia atzetik jokatuta atera nahi izan du, baina ez du ondo egiten asmatu. Hartara, andaluziarrek eskuratu dute baloia, kontraerasoa antolatu, eta Fekirri iritsi zaio area txikian, baina frantziarraren aukera Remirok kornerrera bidali du.
Imanol Alguacilen mutilak indarberrituta eta bizi-bizi zelairatu dira bigarren zatian. Hasi eta berehala, 47. minutuan, Isak gola sartzeko zorian egon da, baina suediarraren saiakerari izugarrizko erantzuna eman dio Rui Silvak. Portugaldarraren gelditua aparta izan da.
Donostiarrak nagusi zirenean, kolpe latza jaso dute gutxien espero zutenean. Jokaldi ezin azkarragoa antolatu dute Pellegrinirenak Canalesen bidez. Hark Alex Morenori bidali dio ezker hegalera, eta kataluniarraren erdiraketa Juanmik sare barrura bidali du, partidako bigarrena eginez, 57. minutuan.
Gol horrek min handia egin die gipuzkoarrei. Baloia kontrolatzen jarraitu dute, baina arriskurik sortu gabe.
Imanolek Silva eta Januzaj kendu ditu zelaitik, eta Rafinha eta Sorloth jarri ditu haien ordez, norgehiagokari buelta eman nahian. Betis, berriz, atzean sartu da, lortutako altxorra defendatu eta kontraerasoak bilatzeko, eta kanporaketa guztiz erabakita utzi du beste bi jokaldi azkarretan.
Lehendabizikoa penalti puntutik heldu da, epaileak Zalduaren eskua adierazi ostean, eta Willian Josek ez du barkatu hamaika metroetatik. Laugarrena Aitor Ruibalek erdietsi du.
Etxekoek ez dute zorterik izan neurketan zehar, eta, hala, Portuk zutoinera bidali du bere ahalegina lehiaren azken txanpan.
Fitxa teknikoa:
0 - Real Sociedad: Remiro; Zaldua, Le Normand, Elustondo, Muñoz; Guevara (Zubimendi, 46. min), Merino, Silva (Rafinha, 72. min); Oyarzabal, Januzaj (Sorloth, 72. min) eta Isak (Portu, 82. min).
4 - Betis: Rui Silva; Alex Moreno, Víctor Ruiz, Bartra, Sabaly; Edgar González, Carvalho, Fekir (Joaquín, 87. min), Canales (Rodri, 87. min); Juanmi (Ruibal, 76. min) eta Iglesias (Willian José, 65. min).
Golak: 0-1, 11. min: Juanmi. 0-2, 56. min: Juanmi. 0-3. 82. min: Willian José, penaltiz. 0-4, 86. min: Ruibal.
Epailea: Martínez Munuera. Txartel horiak: Zaldua (Reala); Bartra (Betis).