Lesioa
Januzajek ezingo du jokatu Leipzigen aurkako joaneko partida eta zalantza da Athleticen kontrako derbirako
EITB Media
Realak jakinarazi duenez, Adnan Januzajek "lesioa du eskuineko bizeps femoralean". Klubak ez du zehaztu belgikarrak jokatu ezinda emango duen epea.
Adnan Januzaj Realeko jokalariak lesioa du eskuin izterreko bizeps femoralean eta ezingo du jokatu ostegunean Leipzigen aurkako Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida. Gainera, haren parte-hartzea zalantzan dago otsailaren 20ko Athleticen kontrako euskal derbirako.
Adnan Januzajek "lesioa du eskuin izterreko bizeps femoralean", adierazi du Realak mediku-txostenaren bidez. Klubak ez du zehaztu Belgikako futbolaria jokatu ezinda egongo den epea. Fisioterapia tratamenduari ekingo dio jokalariak, eta lesioaren eboluzioaren arabera itzuliko da lan-saioetara.
Talde txuri-urdinak otsailaren 17an Alemanian jokatuko duen Leipzigen aurkako neurketan, Portuk beteko du Januzajek utzitako hutsunea.