EUROPA LIGA
Isak eta Januzaj taldekideekin aritu eta Leipzigen aurkako deialdian sartu dira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hainbat zale txuri-urdin bertaratu dira Realaren entrenamendura, pankartekin, kantuekin eta bengalekin, jokalariei euren babesa agertzeko.
Alexander Isak eta Adnan Januzaj Realeko erasoko jokalariak gainerako taldekideekin batera aritu dira asteazken honetan, eta bihar Leipzigen aurkako partidan parte hartzeko aukera izango dute, Imanol Alguacil entrenatzaileak deialdian sartu baititu.
Dena den, oraindik ezin da ziurtzat jo zelai gainean egongo direnik, Isakek giharretako mina izan baitu tarteka azken bi asteetan eta Januzaj zuntz-haustura txiki batetik atera berri baita.
Mikel Merino, bere kabuz
Mikel Merino erdilariak, berriz, bere kabuz jardun du lanean, beste zelai batean. Jokalari nafarrak garuneko kommozioa egin zuen Athleticen aurkako derbian, eta, ondorioz, azterketa egin behar izan zioten ospitalean. Proba horiek lesiorik ez duela erakutsi bazuten arren, Imanolek nahiago izan du arriskurik ez hartu, eta hurrengo neurketei itxarotea Merino berriro zelairatzeko.
Europa Ligako final-zortzirenetara pasatzeko partidaren aurreko saioan, Nacho Monreal hegaleko jokalariak ere parte hartu du, baina ez da partida horretarako prest egongo. Denboraldi hasieran belaunean ebakuntza egin zioten, eta lesio luze batetik irten berri da; hartara, denboraldiko azken txanpan laguntzeko moduan egon daiteke.
Zaleen babesa
Realeko jokalariak ez dira bakarrik egon entrenamenduan, bertan izan baitira hainbat jarraitzaile txuri-urdin ere, euren pankartekin, kantuekin eta bengalekin Leipzigen aurkako lehiarako animoa ematen.