Itxi

Europa Liga

Realak final-zortzirenetako txartela izango du jokoan Leipzigen aurka, Reale Arenan

EITB Media

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak ostegunean jokatuko du Europa Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partida. Joaneko neurketa 2-2 amaitu zen. Mikel Merino ez da deialdian sartu.

Rafinha eta Kampl, Leipzig-Reala joaneko partidan. Argazkia: EFE

Realak Europa Ligako final-zortzirenetarako txartela izango du jokoan ostegun honetan Leipzigen aurka Reale Arenan (18:45) jokatuko duen final-hamaseirenetako itzuliko partidan. Joaneko norgehiagoka 2-2 berdinduta amaitu zen. Berdinketa kasuan etxetik kanpo sartutako golek ez dute balio bikoitzik jada; beraz, Anoetako neurketa irabazten duen taldeak egingo du aurrera txapelketan.

Mikel Merino ez da sartu talde txuri-urdinaren deialdian. Jokalari nafarrak garuneko kommozioa egin zuen Athleticen aurkako derbian, eta taldekideekin batera entrenatu den arren, ez dago prest Leipzigen aurka aritzeko. Bestalde, Adnan Januzaj eta Alexander Isak deialdian sartu dira, baina ikusi egin beharko da hasierako hamaikakoan egon ahalko diren. Epe luzerako min hartuta dauden Nacho Monreal eta Carlos Fernandez ere ez daude jokatzeko moduan.

Hauxe izan liteke Imanol Alguacil entrenatzaileak aterako duen hamaikakoa: Remiro, atean; Zaldua, Elustondo, Le Normand eta Aihen Muñoz, defentsan; Zubimendik, Guevarak eta Rafinhak osatuko dute zelai erdia; eta Oyarzabal, Januzaj eta Sorloth egongo dira aurrealdean. Baliteke Isak hasierako hamaikakoan sartzea, Sorlothen edo Januzajen ordez.

Anoetako lehiara sasoi onean iritsiko da Leipzig, asteburuan 1-6 menderatu baitzuen Hertha Berlin Bundesligan. Txapeldunen Ligarako sailkapena ematen duten postuetan dago Alemaniako ligan. Domenico Tedescok zuzentzen duen taldeak jokalari garrantzitsu guztiak prest izango ditu Realaren kontrako norgehiagokarako.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Zaldua, Elustondo, Le Normand, Muñoz; Zubimendi, Guevara, Rafinha; Oyarzabal, Januzaj eta Sorloth edo Isak.

RB Leipzig: Gulacsi; Simakan, Orban, Gvardiol; Mukiele, Haidara, Forsberg, Angeliño; Dani Olmo; Nkunku eta Andre Silva.

Epailea: Anthony Taylor (Erresuma Batua).

Estadioa: Reale Arena.

Ordua: 18:45.

Albisteak (1)

Bideoak (2)