Malaga-Reala (1-1)
Berdinketa garrantzitsua lortu du Realak Rosaledan
Erredakzioa
Reala galtzen hasi da eta atsedenaldia baino lehen gizon bat gutxiagorekin geratu da epaileak Mikel Gonzalez egotzi baitu. Xabi Prietok berdinketa lortu du eta amaierara arte emaitzari eutsi diote.
Fitxa teknikoa:
Malaga: Ruben, Gamez, Mathijsen, Weligton, Monreal (Juanmi, 79. minutua), Isco, Demichelis, Maresca, Cazorla, Seba Fernandez (Van Nistelrooy, 57. minutua) eta Rondon.
Reala: Bravo, Estrada, Ansotegi, Mikel, De la Bella, Xabi Prieto, Elustondo, Illarramendi, Griezmann (Carlos Martinez, 79. minutua), Zurutuza eta Carlos Vela (Agirretxe, 69. minutua).
Golak: 1-0, 19. minutua, Isco. 1-1, 48. minutua, Xabi Prieto.
Malagak sailkapeneko hirugarren postuari heltzea saihestu du Realak gizon bat gutxiagorekin (1-1). Jaitsiera postuetatik urrun mantentzeko puntu atsegina lortu dute txuri-urdinek Rosaledan.
Minutuek aurrera egiten zuten, baina bi taldeak ez ziren aukerak sortzeko gai eta Iscoren jenialtasun batek Malaga aurretik jarri du markagailuan, 19. minutuan. Valentziako harrobiko jokalariaren jaurtiketa batek Ansotegirengan jo eta Bravo buruz gain gainditu du.
Donostiarrek Vela bilatu dute erasoko jokoa bideratzeko, baina aurrelari mexikarrari partidan sartzea kosta izan zaio. Montanierren taldeak kontraerasoan arriskua sortu du, izan ere, Malagak baloiaren jabetza eta neurketaren erritmoa kontrolpean zuen.
Atsedenaldia baino lehen, talde gipuzkoarra gizon bat gutxiagorekin geratu da. Mikel Gonzalez egotzi du epaileak. Atzelariak bigarren txartel horia ikusi du Seba Fernandezi egindako faltagatik.
Aldageletako atsedenaldiak eta gizon bat gutxiagorekin geratzeak ez dituzte txuri-urdinak nahastu. 48. minutuan Realak falta bat atera eta Rubenen aldaratzea Xabi Prietok boleaz sareetara bidali du.
76. minutuan txuri-urdinek aukera ezin hobea izan dute markagailuan aurrea hartzeko. Xabi Prietok barnekaldia egin du eta Rubenen aurrean bakarrik geratu da, baina gipuzkoarrak barkatu egin du.
86. minutuan Bravok Rondonen gola saihestu du. Hala ere, jokaldi polemikoa 90. minutuan jazo da. Demichelisek gola egin du, baina epaileak balio gabe utzi du jokoz kanpo adierazita.