Itxi

Santander Liga

Reala Txapeldunen Ligarako lehian sartu da, Elxi irabazita (1-2)

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak irabazi egin du Martinez Valeron jokatu duen Santander Ligako 31. jardunaldiko partida, emaitza iraulita. Realak Sorlothen eta Le Normanden golekin erantzun dio Carrillok hirugarren minutuan sartu duen golari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak irabazi egin dio Elxi (1-2) igande honetan (apirilak 10) Martinez Valero estadioan jokatu duen Santander Ligako 31. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde txuri-urdina Txapeldunen Ligarako lehian sartu da berriro; Reala seigarren postuan dago, 54 punturekin, eta hirura dauka laugarren den Atletico Madril (57 puntu).

Norgehiagokaren hasiera eroa izan da. Bigarren minutuan, Realak izan du abagunea; Diego Gonzalez eta Edgar Badia ez dira ondo konpondu, eta euren atean gola sartzetik gertu egon dira, baina atezainak baloia desbideratzea lortu du. Elxek jarraian erantzun du, gola sartuta: Guido Carrillok egin du 1-0ekoa, Mojicak eman dion pasea baliatuta. Reala ez da gai izan aurkariaren jokaldi azkarra gelditzeko.

Hamargarren minutuan izan du neurketa berdintzeko aukera Realak, baina Badiak gelditu egin du Isaken errematea. Zazpi minutu geroago, epaileak txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du, Rocok falta egin baitio Sorlothi area barruan. Penaltia Isakek jaurti, eta gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du suediarra gelditu egin delako jaurtiketa egiteko momentuan. Arauak argi dio penaltietan jokalaria ezin dela guztiz gelditu baloia jo aurretik. Gainera, Isakek txartel horia ikusi du.

Penaltia alferrik galtzea kolpea izan den arren, Realak erasora jotzen jarraitu du. Norgehiagokako 22. minutuan, Badia atezainak Donostiako taldearen beste gol bat eragotzi du Zalduaren jaurtiketari erantzun ona emanda. Realaren ekinak saria jaso du 30. minutuan; izan ere, Sorlothek banakoa jarri du markagailuan Silvaren erdiraketa ona sare barrira errematatuta. Lehen zatiko azken txanpan, jaun eta jabe izan da Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea, eta, 39. minutuan, Le Normandek gola sartu, eta aurretik jarri du Reala (1-2). Bigarren golean ere, Silva izan da kornerretik erdiraketa egin duena.

Ondo ekin dio Realak bigarren zatiari, nahiz eta kosta egin zaion abagune argiak sortzea. Elx eroso ez egotea lortu du talde txuri-urdinak. Pixkanaka, nagusi izaten hasi da Donostiako taldea, eta abagune argia izan du 63. minutuan; Ricoren jaurtiketa, ordea, Badiak desbideratu du. Kontrolpean izan du partida Realak, nahiz eta azken txanpan Elxek erasora jo duen. Hala ere, ondo eutsi diote txuri-urdinek aurkariari, eta hiru puntuak poltsikoratu ditu Realak (1-2).

Fitxa teknikoa:

1 Elx: Edgar Badia; Palacios (Josan, 67. min), Roco, Diego Gonzalez (Gonzalo Verdu, 46. min), Mojica; Morente, Mascarell (Kike Perez, 81. min), Gumbau (Raul Guti, 46. min), Fidel, Pere Milla eta Carrillo (Ponce, 42. min).

2 Reala: Remiro, Zaldua (Gorosabel, 84. min), Zubeldia, Le Normand, Diego Rico (Aihen, 78. min), Zubimendi, Merino, Rafael (Januzaj, 67. min), Silva (Elustondo, 78. min), Sorloth (Portu, 67. min) eta Isak.

Golak: 1-0, 3. min: Guido Carrillo. 1-1, 31. min: Sorloth. 1-2, 39. min: Le Normand.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Isak, Zubimendi eta Zaldua Realeko jokalariei, baita Palacios, Carrillo eta Gumbau Elxeko futbolariei ere.

 

Albisteak (2)

Bideoak (2)