Itxi

LaLiga Santander

Bartzelonarekin etxean galdu eta seigarren postuan jarraitzen du Realak (0-1)

EITB MEDIA

Donostiarrek gola egiteko aukerak sortu dituzte, baina ez dute errematean asmatu. Partidako gol bakarra Aubameyangek egin du, 10. minutuan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak galdu egin du etxean Bartzelonaren aurka jokatutako LaLiga Santanderreko 33. jardunaldiko partida. Kataluniarrak gol bakarra eginda nagusitu dira. Pierre Emerick Aubameyang jokalariak partidako 10. minutuan egindakoa. Hala ere, bigarren zatian donostiarrak gehiago izan dira, eta gola egiteko aukerak izan dituzte, baina ate aurrean azken errematea egiteko orduan ez dira batere ondo ibili.

Lehen zatian, Bartzelona nagusi izan da, nabarmen, eta atsedenaldira gol gehiagorekin joateko merezimenduak egin ditu. Aubameyangek berak, Frenkie de Jongek eta Ferran Torresek gertu izan dute bigarrena egitea.

Gipuzkoarrek aukera bakarra izan dute lehenengo 45 minutuetan. Sorlothek pasea eman dio Alex Isaki, eta suediarra bakar-bakarrik geratu da Ter Stegenen aurrean, baina jokalari txuri-urdinak arazoak ditu aukerak gauzatzeko, eta errematea oso desbideratuta atera zaio, Anoetako zaleen etsipenerako.

Bigarren zatia, aldiz, txuri-urdinena izan da. Ter Stegenen ate inguruan arriskua sortu dute, baina egindako erasoei ez diete etekinik atera. Alex Isakek eta Alexander Sorlothek aukera oso argiak izan dituzte, baina azken momentuan ez dute baloia kataluniarren atean sartzen asmatu.

Fitxa teknikoa:

0.- Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 80. min), Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi (Guevara, 90. min), Merino, Rafinha (Guridi, 80. min), Januzaj (Martín, 86. min); Isak (Portu, 86. min) eta Sorloth.

1.- Bartzelona: Ter Stegen; Dani Alves (Dest, 64. min), Araujo (Éric, 55. min), Piqué (Lenglet, 81. min), Alba; Busquet, Frenkie de Jong, Gavi; Dembélé, Aubameyang (Luuk de Jong, 81. min) eta Ferrán Torres.

Golak: 0-1, 10. min: Aubameyang.

Albisteak (3)

Bideoak (1)