IRTEERAK
Realak ofizial egin ditu Zalduaren, Guridiren eta Sagnanen irteerak
A. A. | EITB MEDIA
Lehenengoa CadizeN arituko da hemendik aurrera; bigarrena, Alavesen, eta hirugarrenak, berriz, Herbehereetako Utrech taldean jokatuko du datorren denboraldian, utzita.
Realak astelehen honetan ofizial egin du Joseba Zaldua hegaleko atzelaria, Jon Guridi erdilaria eta Modibo Sagnan atzelaria talde txuri-urdinetik aterako direla. Ordu batzuk lehenago, Brais Mendez fitxatu berria zaleen aurrean aurkeztu du Donostiako klubak.
Lehenengoa Cadizek fitxatu du, eta bertan emango ditu hurrengo hiru denboraldiak. Aurretik, zortzi denboraldiz aritu da txuri-urdinen talde nagusian, guztira 190 partida jokatuta.
Kadete mailan iritsi zen talde txuri-urdinera, eta 2013an egin zuen debuta Lehen Mailan, Celtaren aurka (4-3).
Realarekin Europako txapelketetan parte hartu izanak eta 2021eko apirilaren 3an Athletic Cluben aurka Sevillan lortutako Errege Kopak talde gipuzkoarraren historiaren parte egiten dute.
Guridi, Alavesera 2026ra arte
Bestalde, Jon Guridi azpeitiarrak Alavesen jokatuko duela ere jakinarazi du Realak. Lau denboraldirako kontratua sinatuko du Gasteizko taldearekin, 2026ko ekainera arte, hain zuzen ere.
Sagnan, utzita, hirugarren denboraldiz
Azkenik, Realak iragarri du Modibo Sagnan atzelariak Utrechten jardungo duela datorren denboraldian, eta Herbehereetako taldeak jokalaria erosteko aukera izango duela gaineratu du.
Sagnanek utzita jokatu zuen aurreko denboraldian ere, Portugalgo Tondela taldean, hain zuzen ere, eta aurretik Mirandesen.