Kargatzen...
Itxi

Europa Liga

Realak laugarren garaipena jarraian lortu nahi du Europa Ligan Sheriffen aurka hiru puntuak eskuratuta

EITB Media

Txuri-urdinek Moldaviako taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak ostegun honetan Anoetan, 21:00etan, multzoen faseko laugarren jardunaldiko partidan.

Realak Sheriffen aurka jokatu bezperan egindako entrenamenduko irudia. Argazkia: EFE

Realak Sheriff izango du aurkari ostegun honetan (urriak 13) Anoetan, 21:00etan, Europa Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldiko partidan. Txuri-urdinek hurrengo faserako txartela bermatuko lukete puntu bat erdietsita, baina lehen postua lortzeak ematen du final-zortzirenetako txartel zuzena, multzoko bigarrenek final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu behar baitute Txapeldunen Ligatik datorren aurkari baten kontra.

Hirugarren jardunaldian Realak mendean hartu zuen Sheriff 0 eta 2, eta, berriz irabazi nahi du, baina bere zaleen aurrean oraingoan. Imanol Alguacil entrenatzaileak aldaketak egingo ditu hasierako hamaikakoan.

Itzuliko partidan hasieratik jokatu zuten Rico eta Guevara hamaikakoan egongo dira Aihen eta Zubimendi ordezkatuz. Litekeena da Zubeldiak eta Le Normanden osatzea erdiko defentsen bi postuak Pachecori eta Aritzi atseden emateko. Defentsako eskuin hegalean Gorosabel egongo da Solaren tokia hartuta. Asteazkeneko entrenamenduan egon ez den Merinoren parte-hartzea zalantzan dago, eta Braisek ez du ia atsedenik izan Ligan zein Europa Ligan. Gainera, Turrientesek Illarramendik eta Carlos Fernandezek hasierako hamaikakoan egoteko aukerak dituzte, Silvari, Kubori eta Sorlothi erreleboa emanez hurrenez hurren. Ez dira jokatzeko prest egongo min hartuta dauden Mohamed-Ali Cho, Mikel Oyarzabal eta Sadiq Umar.

Bestalde, Sheriff E Multzoko hirugarren postuan dago hiru punturekin, eta azkeneraino borroka egin nahi du. Kyabou erdilariak ezingo du Anoetan jokatu txartel gorria ikusi baitzuen Realaren kontrako iragan asteko norgehiagokan.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Rico; Guevara, Merino, Brais, Silva; Kubo eta Sorloth.

Sheriff Tiraspol: Cheliadnik; Zohouri, Kiki, Radeljic; Diop, Atiemwen, Badolo, Salifu; Pernambuco, Vizeu eta Akanbi.

Epailea: Enea Jorgji (Albania).

Estadioa: Anoeta.

Ordua: 21:00etan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)