Itxi

ERREGE KOPA

Realak, hamar jokalarirekin bigarren zati osoan, Camp Noun galdu du (1-0), azken unera arte borrokatuta

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Dembelek egin du Donostiako taldea Kopatik kanporatu duen gola. Reala gizon bat gutxiagorekin ibili da 40. minututik, epaileak Brais Mendezi txartel gorria atera ostean, baina txuri-urdinek hainbat aukera oso argi sortu dituzte, bereziki neurketako azken minutuetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak galdu egin du asteazkenean, Bartzelonaren aurka, Camp Noun, 1-0, Errege Kopako final laurdenetako kanporaketan, eta, hortaz, txapelketatik kanpo geratu da. Ousmane Dembelek sartu du partidako gol bakarra, 50. minutuan, eta Reala hamar jokalarirekin aritu da 40. minututik, epaileak Brais Mendezi txartel gorri zuzena atera ostean.

Gizon bat gutxiagorekin, Donostiako taldeak azken segundora arte borrokatu du Kopan jarraitzeko, eta, hain zuzen, Imanolen jokalariek aukera argiak sortu dituzte berdinketa egiteko, bereziki neurketako azken minutuetan. Orduan, Realak asko estutu du Bartzelona.

Partidako hasiera ez da erraza izan Realarentzat; izan ere, etxeko taldea ondo aritu da 20. minutura arte. Bartzelona hainbat jokalditan iritsi da Alex Remiroren inguruetara, bereziki Dembelek eskuin hegalean egindako lanari esker; frantziarra zenbait aldiz sartu da, eta arriskua sortu du. Esate baterako, Frenkie de Jongek egindako erremate batean, Dembeleren errematea baliatuta. Baloia oso gutxigatik atera da kanpora.

Minutuek aurrera jo ahala, baina, jokoa orekatu egin da, eta Imanolen taldea lasaiago ibili da atzealdean. Ez hori bakarrik; Reala ondo irten da jokaldi batzuetan, baloia ondo mugituta, 30. minutuan bereziki. Orduan, Pablo Marin, maisutasunez, ezkerrera bota du, Kubo zegoen tokian, eta japoniarraren zartako ikusgarria Ter Stegenen langara joan da, zuzenean.

Hamar minuturen bueltan iritsi da Brais Mendezen kanporatzea. Erdilari galiziarra berandu heldu da Sergio Busquetsekin borrokan zuen baloi batera, eta Gil Manzano epaileak txartel horia erakutsi dio hasiera batean, baina gero, VARaren abisua jasota, gorria atera dio. Esan beharra dago Busquetsek berak, Braisen sarrera jaso aurretik, falta argia egin diola Kubori, baina epaileak ez dio txartelik erakutsi. Atsedenaldira arte, Realak berdinketari eutsi dio, arazo handirik gabe.

Bigarren zatirako, Imanolek Aihen Muñoz eta Ander Barrenetxea zelairatu ditu, Diego Ricoren eta Mikel Oyarzabalen ordez, taldea egoera berrira egokitzea helburu. 51. minutuan, Dembelek, eskuinaldetik egindako jokaldi on batean, Realaren arean sartu da, eta jaurtiketa bortitza egin du, gola sartzeko eta Bartzelona aurretik ipintzeko.

Reala, baina, altxatu egin da etxeko taldearen golaren ostean. Donostiako taldea ondo kokatu da zelaian, hamar gizonekin, eta zailtasunak sortu dizkio Xaviren taldeari. Testuinguru horretan, Alexander Sorlothek aukera oso argia izan du partida berdintzeko: Kubo ezkerretik sartu da, azkar-azkar, eta erdiraketa egin du, area txikira; aurrelari norvegiarra, egoera oso onean, langaren gainetik jaurti du.

Gavik 2-0ekoa izan du, langara joan den erremate batean, 67. minutuan, eta azken txanpan, Robert Navarro, Olasagasti eta Carlos Fernandez berdegunean zeudela, Bartzelonaren asmoa izan da baloiaren jabetzari eustea, estutasunik ez izateko. 87. minutuan, baina, Ter Stegen etxeko atezainak huts egin du baloia ateratzean, eta Martin Zubimendiri eman dio; donostiarrak Robert Navarrori egin dio pasea, eta azken horren jaurtiketa Alemaniako atezainak desbideratu du. Carlos Fernandez zegoen hor, baina ezin izan du asmatu atearekin.

Luzapenean, Ter Stegenek berriro ere salbatu du Bartzelona, Jon Ander Olasagastik egindako jaurtiketa gogorrari erantzun bikaina emanez.

Ondorioz, Realak ezin izan du luzatu bederatzi garaipeneko bere bolada ikusgarria, baina maila oso ona eman du egoera oso zailean. Bartzelona, berriz, hamaika jokalariren aurka ibili da finago, hamar jokalariren kontra baino. Donostiako taldeak Bernabeu du jomugan, orain; igande gauean, Real Madrilen aurkako neurketan, Ligako bigarren postua nahi dute txuri-urdinek.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Kounde, Araujo, Christensen (Marcos Alonso, 90+1. min.), Balde (Raphinha, 78. min.); Sergio Busquets, Pedri (Kessie, 77. min.), Frenkie de Jong; Dembele (Ansu Fati, 84. min.), Lewandowski eta Gavi.

0 - Real Sociedad: Remiro; Elustondo, Zubeldia, Le Normand, Rico (Aihen Muñoz, 46. min.); Zubimendi, Brais Mendez, Pablo Marin (Olasagasti, 78. min.); Oyarzabal (Barrenetxea, 46. min.), Take Kubo (Robert Navarro, 78. min.) eta Sorloth (Carlos Fernandez, 87. min.).

Gola: 1-0, 52. min.: Dembele.

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)