KONTRATU BERRITZEA
Igor Zubeldiak 2029ra arte berritu du Realarekin duen kontratua
EITB MEDIA
Azkoitiarrak, 26 urtekoa bera, 2015-16 denboraldian egin zuen debuta Lehen Mailan; hortaz, gutxienez 14 denboraldi emango ditu klub txuri-urdineko lehen taldean. Zubietako harrobian hazi zen futbolari gisa.
Igor Zubeldiak 2028-29 denboraldiaren amaierara arte berritu du Realarekin duen kontratua, asteazkenean Donostiako klubak jakitera eman duenez. Azkoitiarrak, 26 urtekoa bera, 2015-16 denboraldian egin zuen debuta Lehen Mailan; hortaz, gutxienez 14 denboraldi emango ditu Realeko lehen taldean. Zubietako harrobian hazi zen futbolari gisa.
Zubeldia erdilari gisa hasi zen lehen taldean, baina azken denboraldietan erdiko atzelari bezala zelairatu dute gehienetan. 2017-18 denboralditik, hasierako hamaikakoetan atera izan da; egun, jokalari ezinbestekoa da Imanol entrenatzailearentzat, atzealdean, Robin Le Normandekin batera. Kopa irabazi zuen, 2019-20 denboraldian; talde txuri-urdinak Athletici irabazi zion finala (2021ean jokatu zuten, pandemiagatik).
Igor Zubeldia. Argazkia: Reala.
Orain arte, 215 partida ofizial jokatu ditu Realarekin, eta lau gol egin ditu.
Realak zabaldutako bideo batean, Zubeldiak adierazi du "pozik eta eskertuta" sentitzen dela klubaren aldetik jasotako konfiantzagatik. "Denboraldi honetan, uste dut kolpe handia eman dudala mahai gainean", esan du azkoitiarrak, eta, horren iritziz, horrek ekarri dio kontratu berritzearen "saria".
Realak, Zubeldiaren esanetan, "izugarrizko jauzia egin du" berak debuta egin zuenetik, "eta ni horren partaide sentitzen naiz", erantsi du. Etorkizunerako, "beste titulu bat" eskatu du jokalariak, "eta zaleen aurrean ospatu ahal izatea"; halaber, azpimarratu du ilusio handia duela denboraldi honetan Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko.
Belaunaldiz belaunaldi Reala maitatzen ¿#Zubeldia2029 | #AurreraReala pic.twitter.com/GWSbvcB24K
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) May 17, 2023