36. jardunaldia
Realak gero eta gertuago du Txapeldunen Ligako ametsa, Almeriari irabazi ostean (1-0)
EITB MEDIA
Take Kubok egindako golari esker, donostiarrak sendo dira sailkapeneko laugarren tokian. Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela asteazken honetan gauzatu daiteke, Vila-realek egiten duenaren arabera.
Reala Almeriari gailendu zaio Reale Arenan LaLiga Santanderreko 36. jardunaldian jokatutako partidan, Take Kubok egindako golari esker. Ondorioz, donostiarrek oso gertu dute Txapeldunen Liga jokatzeko aukera. Sendo dira sailkapeneko laugarren postuan, Vila-real zortzi puntura dute, eta valentziarrek asteazkenean jokatzen duten partida galduz gero, Realak matematikoki ziurtatuko du datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzea.
Reala-Almeria partidaren laburpena
Partida Almeriaren aukera oso argi batekin hasi da. 2. minutuan, Lazaro Viniciusek egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Remiro atezainak, baloia urrunduz.
Baina andaluziarren ausardiak ez du jarraipenik izan. Hortik aurrerako minutuak donostiarrenak izan baitira, argi eta garbi. Imanolen taldeak, hala ere, lanak izan ditu benetako arriskua sortzeko.
18. minutuan, neurketako zorigaiztoko jokaldia iritsi da. David Silvak mina sentitu du eta Imanoli aldaketa eskatu dio. Entrenatzaile txuri-urdinak Brais Mendez sartu behar izan du zelaian, kanariarraren ordez.
Jokoaren erritmoak behera egin du nabarmen eta bi taldeak ez dira markagailuko oreka hausteko gai izan. 34. minutuan, epaileak Luis Suarez kolonbiarrari txartel gorria atera dio zuzenean, VARa kontsultatu ostean, Le Normandi egindako sarrera beldurgarriagatik. Almeria 10 jokalarirekin geratu da. Le Normandek, zorionez, jokatzen jarraitu ahal izan du.
41. minutuan, Carlos Fernandezek aukera oso argia izan du, baina are atxikitik egindako jaurtiketa oso gora joan zaio.
Neurketako gol bakarra lehen zatiko luzapenean iritsi da. Take Kubok jokaldi bikaina egin du eta baloia jaurtiketa eder baten bidez sartu du Fernando atezainaren atean.
Kuboren beste aukera bat
Bigarren zatian, jokoaren kontrolak Realarena izaten jarraitu du, baina arriskua sorterakoan makal aritu dira txuri-urdinak. Bigarrena egiteko lehen aukera argia Kubok izan du, bina jaurtiketa gehiegi gurutzatu du eta Sorloth ez da gutxigatik iritsi.
88. minutuan, Barrenetxeak zutoinera jaurti du baloia, harmailetan bigarren gola ospatzeko prest zeudenean. Eta handik minutu batera, Sorlothek oso gutxigatik bidali du baloia kanpora. Imanolen taldeari zuzenago jokatzea falta izan zaio, eta bizitasun handiagoa, baina hala ere urrezko hiru puntu poltsikoratu ditu.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Remiro; Gorosabel (Aritz Elustondo, 81. min), Pacheco, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva (Brais Mendez, 19. min); Kubo, Oyarzabal (Barrenetxea, 60. min) eta Carlos Fernandez (Sorloth, 60. min).
0 - Almeria: Fernando Martinez; Pozo, Ely, Babic, Akieme; De la Hoz (Embarba, 81. min), Samu Costa (Egüaras, 46. min), Puigmal (Ramazani, 67. min); Lazaro (Sousa, 57. min), Luis Suarez, Portillo (Robertone, 57. min).
Gola: 1-0, 45+4. min: Take Kubo.
Epailea: Gonzalez Fuertes (Asturiasko batzordekoa). 35. minutuan txartel gorria atera dio Suarezi Le Normandi egindako sarreragatik.