LAGUNARTEKOA
Realak eta Bayer Leverkusenek ongintzazko partida jokatuko dute, gaixotasun neuromuskular bat ikustarazteko
EITB MEDIA
Txurdi-urdinek eta alemaniarrek jokatuko dute SPG50 izeneko gaixotasun neuromuskular arraroaren aurka borrokatzen duen Columbus Fundazioarentzat dirua biltzeko asmoz.
Realak eta Bayer Leverkusenek, Xabi Alonsok zuzendutako taldeak, ongitzazko neurketa jokatuko dute datorren uztailaren 29an, Reale Arenan, SPG50 izeneko gaixotasun neuromuskular arraroaren aurka borrokatzen duen Columbus Fundazioarentzat dirua biltzeko asmoz.
Fundazio horrek ohar baten bitartez jakinarazi duenez, "SPG50ari gola sartu!" lelopean egingo den partidaren diru-bilketa gaixotasun genetiko neuromuskular "suntsitzaile" horren saiakuntza kliniko bat egiteko erabiliko da.
Columbus Fundazioak, Elpida Theraupeticsek eta Viralegenek indarrak batu dituzte AEBn saikauntza klinikoa egiten ari diren tratamendu bat garatzeko. Gainera, 2024ko urtarrilaren aurretik, Osakidetzak saiakuntza bat hasiko du Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuan eta BioGipuzkoa osasun-ikerketako institutuan; bertan, Espainiako, Alemaniako eta Italiako zenbait ume kaltetuk parte hartuko dute.
Columbus Fundazioaz gain, minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkarteak ekitaldia babestuko du, eta bildutako zati bat gaixotasun hori duten adingabeentzako udalekuei laguntzeko erabiliko da.