Fitxaketa
Getafek Portu fitxatu du, Realeko jokalaria erosteko zuen aukera baliatuta
EITB Media
Cristian Portugues Manzanera "Portu" jokalariak agur esan dio Realari. 2022-2023 denboraldian utzita jokatu du Getafen, eta Madrilgo klubak futbolaria erosteko klausula baliatu du. Portuk 2026ra arteko kontratua sinatu du Getaferekin.
Cristian Portugues Manzanera 'Portu' jokalariak agur esan dio Realari. 2022-2023 denboraldian utzita jokatu du Getafen, eta Madrilgo taldeak futbolaria erosteko zuen aukera baliatu du.
Hala, asteazken honetan, ekainaren 21ean, Portuk kontratua sinatu du Getaferekin, 2026ko ekainaren 30era arte; beraz, datozen hiru denboraldiak emango ditu Madrilgo taldean.
Portuk 31 urte ditu, eta 2022-2023 denboraldian 37 partida jokatu ditu Getaferekin (20, hasierako hamaikakoan zelairatuta). 2019an fitxatu zuen Realak, eta Getafera utzita joan aurretik, hiru denboraldi eman zituen talde txuri-urdinean. Realarekin 2020ko Errege Kopa irabazi zuen. Donostiara heldu baino lehen, Valentzian, Albaceten eta Gironan jokatu zuen.