Itxi

Erabakia

David Silvak futbola utziko du belaunean duen lesio larriak behartuta

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

37 urteko jokalariak hiru denboraldi eman ditu Donostian eta jokalari garrantzitsua da Imanol Alguacil entrenatzailearen taldean.

David Silva, Europa Ligan jokatutako partida batean. Argazkia: Efe.

David Silva Realeko erdilariak futbola uzteko erabakia hartu du belaunean lesio larria duela konfirmatu ostean.

Osasun azterketa osagarriak egin behar dizkioten arren, 37 urteko jokalariak futbol profesionala uzteko erabakia hartu du. Erabakiak ez du, momentuz, konfirmazio ofizialik,  eta Silvak berak emango du horren berri, berak egoki ikusten duen momentuan.

Realak ostegunean aditzera emandakoaren arabera, Silvak lesioa du ezkerreko belauneko aurreko lotailu gurutzatuan. Lesio larria da, eta denboraldi osoa jokatu gabe egon zitekeen.

Jokalari kanariarra asteazkeneko entrenamendua utzi egin behar izan zuen belaunean zuen molestien ondorioz, eta egindako azterketek lotailua lesioa zuela erakutsi zuten.

Ondorioz, eta 37 urterekin, lesioak futbola uztera behartu du erdilari txuri-urdina, Realean maila oso onean lehiatzen ari zen momentuan.

2020an iritsi zen Realera

Aurretik, Silvak 10 urte eman zituen Manchester City taldean. Talde ingelesaren historian bere lekua irabazi ostean, 2020. urtean, eta 34 urterekin, Silvak maila gorenean lehiatzeko aukera emango zion talde batera joan nahi zuen. Orduan Realaren eskaintza jaso zuen eta donostiarrei baietza eman zien. Bi urteko kontratua sinatu zuen, hirugarren batera luzatzeko aukerarekin.

Realarekin Errege Kopa irabazi zuen eta bere jokoa erabakigarria izan zen taldea Europarako sailkatzeko, bertan aritu den hiru denboraldietan.

Hirugarrenean, gainera, Txapeldunen Ligako sailkapenean ere parte hartu zuen, eta, emandako maila onak bultzatuta, bere kontratua beste urtebetez luzatu zuen. Alabaina, kanariarrak ezin izango du Realean bere laugarren denboraldia bete, belauneko lesioaren ondorioz.

Albisteak (3)