EA Sports Liga
Realak denboraldiko lehen garaipena bereganatu du, Granadari 5-3 irabazita
A. B. E. | EITB Media
EA Sports Ligako laugarren jardunaldian iritsi da txuri-urdinen 2023-2024 denboraldiko lehen garaipena, Granada mendean hartuta 5-3ko emaitzarekin. Realak ez du porrotik jaso orain arte, aurreko hiru neurketak berdindu egin baitzituen.
Realak 2023-2024 denboraldiko lehen garaipena bereganatu du larunbat honetan, irailaren 2an, Reale Arenan Granadari 5-3 irabazita EA Sports Ligako laugarren jardunaldiko partida. Talde txuri-urdinak berdindu egin zituen lehen hiru norgehiagokak, porrotik jaso gabe jarraitzen du eta 6 punturekin da sailkapenean.
Erasokor ekin dio neurketari talde txuri-urdinak, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Hala ere, Realaren ekinak saria jaso du 9. minutuan: Take Kubok gola sartu du (1-0), pase sakona jaso eta area barrutik egindako jaurtiketarekin Raul Fernandez atezaina gaindituta.
Gola sartu ostean ere, nagusi izan da Donostiako taldea. Granada sendo ibili da defentsako lanean, eta kontraerasoen bidez saiatu da Realak babestutako atera hurbiltzen, baina ez da gai izan aurkariari min emateko.
Ondoren, lehia parekatu egin da. Bazirudien ezer gutxi pasako zela atsedenaldira iritsi aurretik, baina ez da hala izan, guztiz kontrakoa baizik. Partidako 35. minutuan Granadak neurketa berdindu du Le Normandek bere atean sartutako golari esker (1-1). Jokalari frantziarra baloia aldentzen saiatu da aurkariak aterako kornerraren ostean, baina baloia bere atean sartu du.
Gola jaso ondoren, Donostiako taldeak erasora jo du berriro, eta 44. minutuan aurrea hartu du: Kubok sartu du bigarren gola ere (2-1), area kanpotik egindako jaurtiketa bikainarekin.
Gainera, lehen zatiaren luzapenean, Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak abantaila handitzeko aukera izan du, baina Barrenetxearen jaurtiketa kanpora joan da Raul Fernandezek egindako hutsaren ostean.
Bigarren zatian Reala aurkaria baino askoz hobea izan da, eta azkar lortu du hirugarren gola sartzea; 59 minutuan Zubimendik sartu du gola (3-1) Brais Mendezen pasea jaso eta area kanpotik jaurtita Raul Fernandez atezaina gaindituta.
Zubimendiren golak lasaitasuna eman dio Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeari. Hala, 67. minutuan, Realak abantaila handitu du Barrenetxeak 4-1ekoa jarri baitu markagailuan; Oyarzabalek pase bikaina eman dio orpoz eta Ander Barrenetxeak ez du barkatu atezainaren aurrean.
Garaipena erabat bideratuta utzi du Realak laugarren gola sartu ostean. Gainera, 5-1ekoa iritsi da 76. minutuan: Miki Boschek bere atean sartu du gola.
Azken txanpan, Granadak emaitza txukuntzea izan du helburu eta lortu ere egin du. 83. minutuan Lucas Boyek egin du 5-2koa.
Jada luzapenean, 99. minutuan, Bryan Zaragozak 5-3koa markagailuratu du.
Granadaren azken bi golak baino lehenago Realak abagune argiak izan ditu, baina jokalari txuri-urdinak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Azkenean, txuri-urdinek poltsikoratu dituzte 3 puntuak (5-3).
Fitxa teknikoa:
5 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aihen, 69. min); Zubimendi, Merino (Turrientes, 83. min), Brais; Take Kubo (Cho, 69. min), Oyarzabal (Zakharyan, 69. min) eta Barrenetxea (Sadiq, 69. min).
3 - Granada: Raul Fernandez; Neva, Rubio (Bosch, 66. min), Miquel, Diaz (Ricard, 66. min), Gumbau (Gonzalo Villar, 80. min), Sergio Ruiz, Bryan; Unzuni, Callejon (Puertas, 66. min) eta Lucas Boye.
Golak: 1-0, 8. min: Take Kubo. 1-1, 36. min: Le Normand (b. a.). 2-1, 44. min: Kubo. 3-1, 59. min: Barrenetxea. 4-1, 67. min: Barrenetxea. 5-1, 76. min: Bosch (b. a.). 5-2, 83. min: Boye. 5-3, 99. min: Zaragoza.
Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horiak atera dizkie Oyarzabal Realko jokalariari, baita Granadako Miquel, Lucas Boye, Sergi Ruiz, Victor Diaz eta Zaragoza futbolariei ere.