Itxi

EA Sports Liga

Realak garaipena bereganatu du Getaferen aurka (4-3), Reale Arenan jokatutako partida eroan

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak hiru puntuak poltsikoratu ditu EA Sports Ligako 6. jardunaldiko norgehiagokan. Realak sartu du lehen gola, baina, ondoren, Getafek aurrea hartu du markagailuan; hala ere, bigarren zatian etxekoak gai izan dira emaitza iraultzeko.

Realeko jokalariak Braisek Getaferi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak irabazi egin dio Getaferi 4-3ko emaitzarekin, igande honetan, irailaren 24an, Reale Arenan jokatutako EA Sports Ligako 6. jardunaldiko partida.

Hala, bada, bolada txarra moztu du talde txuri-urdinak, duela astebete galdu egin baitzuen Real Madrilen aurkako Ligako norgehiagoka (2-1), eta irailaren 20an Txapeldunen Ligan berdindu Inter Milanen kontra (1-1).

Donostiako taldeak bikain ekin dio norgehiagokari, bigarren minutuan Kubok gola sartu baitu (1-0); Braisek baloia berreskuratu du, pase dotorea eman dio japoniarrari eta Kubok Soria atezaina gainditu du jaurtiketa gurutzatuarekin.

Ondoren, baloiaren jabe egin dira Imanol Alguacilek zuzendutako mutilak, baina kosta egin zaie abagune argiak sortzea. Hala, ezin izan dute abantaila handitu, eta Getafe hasi da txuri-urdinek babestutako ate inguruan arriskua sortzen. Maksimovicek eman du lehen abisua, eta Madrilgo taldearen hurrengo abagunean, 39. minutuan, Aleñak banakoa jarri du markagailuan (1-1), Diego Ricoren erdiraketa errematatu eta baloia ate barruan sartuta.

Golak hauspotu egin du Getafe; Realean, aldiz, urduritasuna eragin du. Horren erakusle izan da 45. minutuan Le Normandek area barruan Matari egindako falta. Nola ez, epaileak penaltia adierazi du talde bisitariaren alde, eta Borja Mayoralek aurretik jarri du bere taldea (1-2).

Bestalde, atsedenaldiaren ostean, erasokor zelairatu da Reala eta 60. minutuan Mitrovicek lurrera bota du Brais falta eginez; hortaz, etxekoen aldeko penaltia adierazi du arbitroak. Oyarzabalek ez du kale egin, eta binakoa 2-2koa markagailuratu du.

Gero, erotu egin da partida, eta zoramen horretan nagusi izan da Reala. Neurketako 66. minutuan Braisek aurkariek defentsan egindako hutsa baliatu du baloia Getafek babestutako atean sartzeko (3-2).

Behin aurretik jarrita, Donostiako taldea egin da partidako aginte-makilarekin. Dena den, Realari kosta egin zaio errenta handitzea, horretarako abaguneak izan dituen arren. Baina txuri-urdinen ekinak saria jaso du 89. minutuan; Mikel Merinok gola sartu du (4-2), taldearen jokaldi onari eta Oyarzabalen azken paseari amaiera biribila emanda.

Bazirudien neurketa erabakita zegoela etxekoen laugarren golarekin; ez da hala izan, ordea, Getafek desabantaila murriztu du-eta Latasari esker (4-3).

Azken txanpak emozioa izan du. Realak bosgarrena sartzeko aukerak izan ditu, baina ez du lortu aurkariaren atea zulatzea. Hala ere, txuri-urdinek ondo eutsi diote aurkariari lehiaren amaieran eta hiru puntuak Realak eraman ditu (4-3).

Fitxa teknikoa:

4 - Reala: Remiro; Traoré, Zubeldia (Pacheco, 82. min), Le Normand, Aihen; Urko (Zubimendi, 57. min), Turrientes (Merino, 57. min), Brais; Kubo, Sadiq (Oyarzabal, 57. min) eta Barrenetxea (Cho, 69. min).

3 - Getafe: Soria; Damián, Alderete, Mitrovic, Rico; Carmona (Arambarri, m.68), Maksimovic, Djené (Greenwood, m.68), Aleñá (Lozano, m.78); Mata (Óscar, m.78) y Mayoral (Latasa, m.46).

Golak: 1-0, 2. min: Kubo. 1-1, 39. min: Aleñá. 1-2, 45+4. min: Mayoral (P). 2-2, 60. min: Oyarzabal. 3-2, 66. min: Brais. 4-2, 89. min: Oyarzabal. 4-3, 90+2. min: Latasa.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horiak atera dizkie Brais (45+1. min), Aihen (45+3. min) eta Remiro (45+4. min) Realeko futbolariei, baita Diego Rico (19.) eta Suarez (48. min) Getafeko jokalariei ere.