Itxi

LaLiga EA Sports

Azken minutuetan adierazitako penaltiak punturik gabe utzi du Reala Metropolitanon (2-1)

EITB MEDIA

Samu Linok aurretik jarri du Atletico Madril 22. minutuan, Oyarzabalek banakoa egin du 73.ean eta Griezmannek 2 eta 1ekoa sartu du, penaltiz, 89.ean.

Take Kubo eta Samu Lino, Atletico-Reala partidan. Argazkia: Efe.

Realak galdu egin du Atletico Madrilen aurka LaLiga EA Sportseko 9. jardunaldian jokatutako partida. Madrildarren golak Samu Linok eta Griezmannek egin dituzte, eta Realarena, aldiz, Mikel Oyarzabalek (2-1).

Lehen zati eskasa egin du Realak, lehen minutuetan itxura ona eman duen arren. Donostiarrek behera egin dute minutuek aurrera egin ahala. Atletico, bestalde, jokoaren kontrola bereganatzen joan da, eta kontrol horrek saria izan du 22. minutuan, Samu Lino brasildarrak egindako golarekin. Donostiarrek ez dute jokaldia ondo defendatu eta madrildarrak erraz iritsi dira Remiroren atera.

Reala motel eta oso bizitasunik gabe aritu da, eta ez du ia arriskurik sortu lehen zatian. 44. minutuan, Atletico bigarren gola sartzear izan da, baina Rodrigo de Paulen errematea langara joan da.

Minutu batzuk geroago, Realeko jokalariek Kubori egindako penaltia erreklamatu dute, Oblaki baloia apur bat luze joan zaio kontrol batean eta japoniarrak baloia lapurtzeko keinua egin eta lurrera joan da.

Lehen zatiko luzapenean izan du Realak bere lehen aukera argia. Take Kubok pase bikaina eman dio Mikel Oyarzabali baina kapitainaren burukada langa gainetik joan da, oso gutxigatik.

Atsedenaldiaren ostean, Atletico partida erabakitzera atera da eta 46. minutuan Witselek zutoinera bidali du baloia Griezmannek falta bat atera ostean.

Gipuzkoarrak hobeto aritu dira bigarren zatian, eta Atletico ez da lehen zatian bezain eroso ibili. Hala ere, ez dute hegaleko jokorik izan, Kubok eta Barrenek e baitute zulorik aurkitu.

Banakoa oso gertu izan dute Imanolen jokalariek 64. minutuan, baina Mikel Oyarzabalen jaurtiketak zutoinean jo du.

Bost minutu geroago, VARetik Atleticoren area barruan izandako ustezko penaltia azterteko esan diote epaileari, Atleticoren jokalari batek area barruan baloia eskuarekin desbideratu duelakoan, baina Munuerak ez horrelakorik antzeman, jokaldia monitorean aztertu ostean.

Berdinketa hurrengo jokaldian iritsi da, Realak egindako kontraeraso azkar batean. Mikel Oyarzabal izan da golegilea.

Realaren minuturik onenak izan dira; hala ere, Atleticok ez dio eraso egiteari uko egin, ezta gutxiagorik ere. Horrela, eta 85. minutuan aukera argia huts egin ostean, Simeoneren taldeari garaipena eman dion penaltia iritsi da. Carlos Fernandezek baloia eskuarekin desbideratu du area barruan era epaileak ez du zalantzarik izan: penaltia adierazi du, Realeko jokalariek protesten artean. Txuri-urdinen esanetan, Realeko jokalarari baloiak lurrean botata zegoenean eman dio, gorputza eusteko erabiltzen ari zen besoan.

Griezmannek penaltia jaurti eta sartu du, etxeko taldeari hiru puntuak emateko.

Fitxa teknikoa

2 - Atletico Madril: Oblak; Molina, Azpilicueta (Savic, 77. min), Witsel, Hermoso, Lino (Galan, 77. min); Llorente (Riquelme, 72. min), Koke, De Paul (Saúl, 72. min); Griezmann, Morata.

1 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand (Pacheco, 65. min), Ahien Muñoz; Brais Mendez, Zubimendi, Merino (Zakharyan, 65. min), Barrenetxea (Andre Silva, 90. min); Kubo (Carlos Fernández, 65. min), Oyarzabal (Sadiq, 90. min).

Golak: 1-0, 22. min: Lino. 1-1, 73. min: Oyarzabal. 2-1, 89. min: Griezmann, penaltiz.

Epailea: Munuera Montero (Andaluziako batzordekoa). Txartel horia atera die Koke (m. 48) eta Griezmann (m. 94+) Atleticoko jokalariei, eta Realeko Le Normand (m. 15) eta Traore (m. 86) jokalariei.