Babesletza
Realak bi partida jokatuko ditu Japonian, Yasuda Groupekin sinatutako akordioaren barnean
EITB MEDIA
Jokin Aperribay Gipuzkoako klubaren presidenteak eta Yasuda Groupeko zuzendari exekutibo Keisuke Yasudak bi erakundeek hurrengo hiru urteetarako izenpetutako babesletza akordioa aurkeztu dute. "Aukera bikaina da, eta erantzukizun handia ere bai", esan du Aperribayk.
Realak bi partida jokatuko ditu Japonian ondorengo urteetan, denboraldiaurrean edo denboraldia amaitutakoan, Yasuda Groupekin hiru urterako sinatu duen babesletza akordioaren ondorioz. Talde hori Japoniako enpresa korporazio bat da, eta marketin eragiketak, akademia zerbitzuak eta entretenimendu eragiketak dira horren negozio nagusiak. Ostegunean eman du horren berri Jokin Aperribay Realeko presidenteak, Yasuda Groupeko zuzendari exekutibo Keisuke Yasudarekin batera hitzarmen hori aurkeztu duenean. Ituna "aukera bikaina da, eta erantzukizun handia ere bai", esan du Aperribayk.
Realeko presidenteak ez du zehaztu zenbat diru ekarriko dion klubari eragiketa honek. Babesletza klasikoaz harago doan akordioa da, eta Realak Japonian epe laburrean eta epe ertainera egin nahi duen hedapen planaren testuinguruan dago kokatuta. Hain zuzen ere, hainbat arlotan gauzatuko da; horietako bat da "Reala nazioartean aitzindari gisa ikus dezaten gazte talentua garatzen". Hori zenbait plataformaren bidez sustatuko dute Japonian, futbol akademien bidez esaterako, Japoniako gazteen kirol eta pertsona prestakuntzan hobetzen laguntzeko.
Itunak aurreikusten duenez, Reala eta klubeko gizonezkoen lehen taldea ekitaldi eta hitzordu batzuetan izango da Japonian datozen hiru urteetan. Yasuda Realaren babesle nagusia izango da hau bezalako hitzarmenetan ohikoak diren arlo gutzietan.
Keisuke Yasudak, bere aldetik, nabarmendu du Take Kubo Realeko jokalari japoniarra "oso famatua" dela Japonian, baina ez dela Donostiara etorri soilik horregatik; esan duenez, helburua da Realarengandik "ikastea", etapa hori bukatutakoan bere herrialdean futbolaren gaineko prestakuntza akademia batzuk bultzatzeko.