EA Sports Liga
Realak hiru puntuak poltsikoratu ditu Mallorcaren aurka (1-0), asko sufrituta
A. B. E. | EITB Media
Talde txuri-urdinak 1-0eko emaitzarekin irabazi dio Balearretako taldeari EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Mallorcak abagune gehiago izan ditu, baina neurketako gol bakarra txuri-urdinek sartu dute, 64. minutuan, Braisen bidez.
Realak mendean hartu du Mallorca 1-0eko emaitzarekin, larunbat honetan, urriak 21, Reale Arenan. Horrenbestez, talde txuri-urdinak hiru puntuak bereganatu ditu EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partidan. Ondorioz, 10 jardunalditan 18 puntu lortuta, Realak Europarako postuetan jarraitzen du.
Mallorcak Donostiako taldeak baino hobeto ekin dio neurketari, eta bigarren minutuan izan du lehen abagunea, baina Alex Remiro atezainak ezerezean utzi du aukera hori, Larinen erremateari erantzun ona emanda. Bederatzi minutu geroago, berriro izan dira protagonista Larin eta Remiro; Realeko atezainak berriro gelditu du Mallorca taldeko aurrelariaren jaurtiketa. Gainera, 29. minutuan, gola sartzeko beste aukera bat izan dute Javier Aguirrek zuzentzen dituen mutilek; Dani Rodriguezen jaurtiketa gurutzatua, baina, kanpora joan da.
Realari kosta egin zaio abaguneak sortzea. Txuri-urdinek lehen zatian izan duten gol aukera bakarra 37. minutuan iritsi da, Zakharyanen bidez, baina errusiarraren jaurtiketa kanpora joan da.
Bigarren zatiaren hasieran ere, Mallorca izan da nagusi. Hala, 52. minutuan, Remirok geldiketa bikoitza egin du: Dani Rodriguezen jaurtiketa desbideratu du lehenengo, eta, ondoren, erantzun ona eman dio Larinen erremateari.
Ezinean ibili da Donostiako taldea, baina atsedenaldiaren ostean izan duen lehen abagunean, 64. minutuan, gola egin du. Kubok eskuin hegaletik egindako erdiraketa Braisek errematatu du, eta ate barruan sartu du baloia (1-0).
Golak hauspotuta, erasora jo du Realak, eta bigarren gola ere sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, Oyarzabal jokoz kanpo zegoelako errematea egin duen momentuan.
Ondoren, Mallorca egon da gola sartzetik gertu. 75. minutuan, Samu Costak kanpora bidali du baloia, area txikitik errematatuta. Bi minutu geroago, Raijkovicek erantzun bikaina eman dio Oyarzabalen erremateari, eta, ia jarraian, Mallorcako atezainak Aihen Muñozen jaurtiketa desbideratu du.
Azken txanpan, sufritzea egokitu zaio Realari. Mallorcak erasora jo du, eta defentsan gogotik egin behar izan dute lan txuri-urdinek. Bisitariak gola sartzetik hurbil egon dira luzapenean, baina Muriquiren erremateak langa jo du, eta, ondoren, Aihen Muñozek atepetik atera du baloia.
Azkenean, Reala nagusitu da (1-0), eta hiru puntu eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Remiro; Aritz (Traore, 60. min), Zubeldia (Le Normand, 69. min), Pacheco, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais; Zakharyan (Barrenetxea, 46. min), Carlos (Kubo, 60. min) eta Oyarzabal (Sadiq, 84. min).
0 - Mallorca: Rajkovic; González, Valjent, Nastasic, Copete (Morlanes, 69. min); Rodriguez (Llabres, 86. min), Sánchez (Ndiaye, 74. min), Samú, Lato (Costa, 69. min); Larin (Prats, 74. min) eta Muriqi.
Golak: 1-0, 64. min: Brais.
Epailea: Figueroa Vazquez. Txartel horia atera die Zubeldia (47. min), Pachecho (71. min) eta Brais (93. min) Realeko jokalariei, baita Copete (15. min), Toni Lato (41. min) eta Sanchez (43. min) Mallorcako futbolariei ere.