EA SPORTS LIGA
Realak mendean hartu du Sevilla (2-1), eta Europako postuetan jarraitzen du
L. U. | EITB Media
Talde txuri-urdinak hiru puntuak eskuratu ditu Reale Arenan, Sadiqek eta Sevillak bere atean egindako golei esker. Lehen zatian, nagusi izan da talde txuri-urdina, baina sufritu egin du bigarrenean, Sevillak En-Nesyriren golarekin erreakzionatu ondoren. Sevillak bederatzi jokalarirekin amaitu du.
Realak 2-1 menderatu du Sevilla igande honetan Reale Arenan jokatu den EA Sports Ligako 14. jardunaldiko partidan. 15 eguneko atsedenaren ostean, talde txuri-urdinak indarrak berreskuratu ditu, eta joko ona erakutsiz, Europako postuetan jarraitzen du, gaur lortutako hiru puntuei esker.
Imanolen taldea aurkaria baino gehiago izan da lehen zatian, bi goleko aldea lortuta (Sevillak bere atean sartutako bat eta Sadiqek egindako gol ikusgarri bat), baina bigarren zatian sufritu egin du Sevillaren erreakzioaren ostean, En-Nesyrik gola sartu ostean. Talde bisitariak, gainera, bi jokalari gutxiagorekin bukatu du, Sergio Ramos eta Jesus Navas kanporatu baititu epaileak.
Partida hasi eta berehala, 3. minutuan, Dmitrovicek norgehiagokako lehen gola sartu du, bere atean. Barrenetxeak ezustekoa eman du falta batean, eta zuzenean jaurti du aurkariaren atera. Dmitrovicek geldiketa egin du, baina baloia erori denean, oinean eman dio, eta atezainak bere atean sartu du.
Imanolen mutilen nagusitasuna nabarmena izan da zelaian, eta, 21. minutuan, talde txuri-urdinak bigarren gola egin du. Sadiqek baloia jaso du zelai erdian, ezkerrerantz jo ostean zuloa bilatu du eskuinerantz eginda, eta jaurtiketa bikaina eginez bidali du baloia sareetara.
Bigarren golak jota eta partidatik kanpo utzi ditu Sevilla taldeko jokalariak. Azkenean, etxeko taldea bi goleko abantailarekin joan da atsedenaldira.
Bigarren zatian iritsi da Sevillaren lehen gola, 60. minutuan, eta partidan sartu du taldea. Nesyrik buruz egindako erremate batek Le Normand jo du, Remiroren pausoa aldatu du, eta baloia etxekoen atean sartu da.
86. minutuan, Sergio Ramosek txartel gorria ikusi du, Brais Mendezi egindako sarrera baten ondorioz. Bi minutu geroago, Navasi txartel gorria atera dio epaileak, protesta egiteagatik. Horrela, talde bisitaria bi jokalari gutxiagorekin geratu da jokaldi berean, eta ezer gutxi egiteko aukera izan du.
Emaitza honekin, Realak bere helburua lortu du; izan ere, Europako postuetan jarraitzen du.
Fitxa teknikoa:
2 - Reala: Remiro; Traore (Aritz, 84. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino (Turrientes, 75. min), Brais; Kubo (Cho, 84. min), Sadiq (Oyarzabal, 75. min) eta Barrenetxea (Zakharyan, 67. min).
1 - Sevilla: Dmitrovic; Navas, Ramos, Badé (Nianzou, 73. min), Pedrosa; Fernando (Mir, 90. min), Soumaré (Torres, 46. min), Rakitic; Ocampos (Gattoni, 90. min), En-Nesyri eta Lukebakio (Januzaj, 73. min).
Golak: 1-0, 4. min: Dmitrovic (bere atean). 2-0, 22. min: Sadiq. 2-1, 60. min: En-Nesyri.
Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias (Madrilgo Batzordekoa). Txartel horia atera die Merino (33. min) eta Traore (78. min) Realeko jokalariei eta Ramos (82. min) Sevillako jokalariari, eta txartel gorria atera die Ramosi (86. min) eta Navasi (89. min).