Itxi

Erreginaren kopa

Realak 1-4 irabazi du Huelvan, eta Erreginaren Kopako final-laurdenetarako sailkatu da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nerea Eizagirrek eta Sanni Franssik jarri dute aurretik, lehen zatian, Donostiako taldea, Andaluziako taldearen berdinketaren ostean, eta Manuela Vanegasek eta Synne Jensenek osatu dute, bigarren zatian, Natalia Arroyoren jokalariek lortu duten garaipen sendoa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak 1-4 menderatu du Huelva Antonio Toledo Sanchez futbol zelaian, igande honetan, 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako hirugarren kanporaketan, eta, horrenbestez, txapelketa horretako final-laurdenentarako sailkatu da.

Nerea Eizagirrek eta Sanni Franssik jarri dute aurretik, lehen zatian, Donostiako taldea, Andaluziako taldearen berdinketaren ostean, eta Manuela Vanegasek eta Synne Jensenek osatu dute, bigarren zatian, Natalia Arroyoren jokalariek lortu duten garaipen sendoa.

Gipuzkoako taldea aurkaria baino gehiago izan da, eta merezitako garaipena eskuratu du F Ligako azken postuan dagoen taldearen kontra.

Nerea Eizagirrek aurretik jarri du talde txuri-urdina partida hasi eta berehala, 4. minutuan, penalti bati esker.

Hiru minutu geroago, etxeko taldeak partida berdindu du Maria Ruizen golarekin. Irinaren asistentzia baten ostean, Ruizek area erditik errematatu du buruz, eta baloia aurkariaren atean sartu da.

Partida irekia eta parekatua izan da 37. minutura arte. Baloiaren irteeran egindako akats baten ostean, Sanni Franssik eskuinarekin errematatu du area erditik ate erdira, eta Gipuzkoako taldearen bigarren gola sartu du.

Bigarren zatian, talde txuri-urdina nagusi izan da zelaian, eta gipuzkoarren hirugarren gola 61. minutuan iritsi da. Andrea Jacintoren asistentzia baten ondoren, Manuela Vanegasek eskuinarekin errematatu du area erditik, eta baita baloia sare barrura bidali ere.

Azken txanpan, Jensenek garaipena erabakita utzi du area barrutik egindako ezkerkada baten bidez. Horrela, talde txuri-urdinak final-laurdenetarako txartela lortu du.

Bideoak (1)