Itxi

Final zortzirenak

Realak 1-2 galdu du Paris Saint-Germain aurkari, Reale Arenan, eta Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kylian Mbappek sartu ditu Frantziako taldearen bi golak, eta Mikel Merinok egin du talde txuri-urdinarena. Realak amaierara arte borrokatu du, eta gogoan izateko moduko ibilbidea burututa esan dio agur Europa mailako txapelketarik handienari.

Mikel Merino, tras marcar el gol de la Real. Foto: EFE.

Reala 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligatik at gelditu da, asteartean, Paris Saint-Germainek final zortzirenetan kanporatuta. Frantziako taldea 1-2 nagusitu da Reale Arenan, itzuliko partidan; hala, joaneko neurketako 2-0ekoa ere zenbatuta, Luis Enriqueren gizonek egin dute aurrera, txapelketan. Kylian Mbappek sartu ditu Paris Saint-Germainen bi golak, 15. eta 56. minutuetan, eta Mikel Merinok egin du talde txuri-urdinarena, 89. minutuan. Realak amaierara arte borrokatu du, eta gogoan izateko moduko ibilbidea burututa esan dio agur Europa mailako txapelketarik handienari.

Reale Arenan giro bikaina izan da, ikusgarria (39.336 zale izan dira, marka historikoa), eta Realak Paris Saint-Germain estutzen ekin dio partidari; Imanolen jokalarien asmoa zen ahalik eta arinen lapurtzea baloia, Donnarummaren atera ahalik eta lasterren iritsi ahal izateko. Zazpigarren minutuan, Nuno Mendesek atzera egindako aldaratze bat gutxigatik joan da kornerrera eta ez da gola izan. Hamargarrenean, Alex Remirok geldiketa bikaina egin dio Barcolari, 0-1 saihestuta, Mbappek ondo sakondu ostean.

15. minutuan, Kylian Mbappe bera ezkerretik sartu da, oso indartsu, zuloaren bila aritu da, eskuinez jaurtitzeko, eta gol ederra sartu du, baloia beste zutoinera bidalita. Luis Enriqueren taldearen gol horrek are zailagoa jarri dio kanporaketa Realari, kontuan izanik txuri-urdinek hiru gol behar zituztela, puntu horretan, hori berdintzeko.

29. minutuan, Remiro berriro ere ezin hobeto aritu da, Mbappek behetik egindako jaurtiketa batean; nafar atezainak ezkerreko hanka baliatu du, geldiketa egiteko. Realak aurrerapausoa eman du, eta baloiaz ordura arte baino gehiago jabetu da. Harmailetan ere, zaleak euren ekarpena ari ziren egiten, animo handia emanda.

Kubok, jaurtiketa polit batean, aukera ona izan du atsedenaldira joan baino lehen. Aurreneko zatia bukatuta, partida 0-1 zihoan, eta inpresioa zen Paris Saint-Germain espero bezain aurkari sendo eta gogorra ari zela izaten. Realak ez zuen amore ematen, baina, eta asko gelditzen zen oraindik.

Bigarren zatiko hamaikagarren minutuan, Paris Saint-Germainek jokaldi luze eta polita egin du, Mbappe bakarka gelditu da Remiroren aurrean, eta 0-2koa egin du. Neurketa amaitzeko ordu erdia baino gehiago gelditzen zen, eta Imanolek Barrene eta Turrientes zelairatu ditu, taldea altxatu nahirik.

Barrene oso indartsu zelairatu da. Partidara sartu eta berehala, gol polita sartu du buruz, baina ez du balio izan horrek, donostiarra jokoz kanpo baitzegoen jokaldiaren hasieran. Ondorengo minutuetan, ezkerreko hegaletik, txuri-urdinen erasoaren burua izan da. Realaren erabakia izan da aurrera jotzea, eta zaleek, harro, esker ona agertu diote taldeari, merezita.

75. minutuan, Martin Zubimendik, Traoreren erdiraketa ona jasota, oso gertu izan du gola. Beñat Turrientesek, gerora, area barruan jaurti du, eta Donnarummak geldiketa bikaina egin dio. Azken minutuetan, Imanolen jokalariek asko estutu dute aurkaria, area barruan jokatu dute, eta golaren saria nahi zuten; 89. minutuan, Turrientesek jokaldi ona egin eta gero, Mikel Merinok Donnarummaren aldaratzea jaso, jaurti, eta gol polita sartu du. Reale Arenako zaleek biziki ospatu dute 1-2koa. 

Gogoan izateko moduan ibili da Reala Txapeldunen Ligan, Europa osoari erakutsi dio zer-nolako maila duen. Euskal taldeak ez du final laurdenetarako sailkatzerik izan, baina berretsi du handienetakoa dela, eta hala onartu eta eskertu dute Anoetako zaleek. Hunkigarria izan da partida amaituta izandako txalo zaparrada.

Fitxa teknikoa

1 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia (Pacheco, 76. min), Le Normand, Galan; Zubimendi (Olasagasti, 83. min), Merino, Brais (Turrientes, 61. min); Kubo, Oyarzabal (Silva, 77. min) eta Becker (Barrenetxea, 61. min).

2 – Paris Saint-Germain: Donnarumma; Hakimi (Soler, 82. min), Hernandez, Beraldo, Mendes (Mukiele, 61. min); Zaire-Emery, Vitinha, Fabian (Ugarte, 77. min); Dembele (Kolo Muani, 82. min), Mbappe eta Barcola (Kang-In Lee, 46. min).

Golak: 0-1, 15. min: Mbappe; 0-2, 56. min: Mbappe; 1-2, 89. min: Merino.

Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Realeko Kubo eta Zubeldia eta Paris Saint-Germaineko Mendes, Hamiki eta Dembele zigortu ditu,txartel horia aterata.

Gertakizunak: Txapeldunen Ligako final zortzirenetako itzuliko partida, Reale Arenan. 39.336 zale izan dira zelaian.

Albisteak (2)

Bideoak (2)