Itxi

EA Sports Liga

Realak Granada menderatu du (2-3), azken txanpan emaitza iraulita

EITB Media

Leer en Castellano

Txuri-urdinek 2-3ko emaitzarekin irabazi diote Granadari EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partida. Bigarren zati ona jokatuta bereganatu du garaipena Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak.

Realeko jokalariak Sadiquek GRanadari sartutako gola ospatzen. Argazkia. EFE

Realak 2 eta 3 irabazi dio Granadari, Nuevo Los Carmenes estadioan jokatutako EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partida. Hiru puntuak poltsikoratuta, txuri-urdinek 43 puntu dituzte, eta Europarako postuetan sartzeko lehian murgilduta jarraitzen dute.

Norgehiagokako lehen abagunea talde txuri-urdinak izan du, 13. minutuan, baina Jozwiakek atepetik atera du Zubeldiaren errematea. Bost minutu geroago, 17. minutuan, Remirok Granadaren gola saihestu du, Jozwiakek area barrutik egindako jaurtiketa desbideratuta; baloia solte geratu da area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du etxeko taldearen alde. Neva baloiaren bila joan da, eta Galanek falta egin dio. Hasieran, epaileak ez du ezer adierazi, baina VAR sistema kontsultatuta Galanek penaltia egin duela erabaki du. Uzunik 1-0ekoa sartu du, hamaika metroko puntutik Remiro gaindituta.

Gola hartu ostean, parekotasuna izan da nagusi, eta bi taldeei kosta egin zaie abaguneak sortzea. Hala ere, 33. minutuan, Realak gola sartu du. Sadiq Umarrek jarri du 1-1ekoa markagailuan, Brais Mendezen erdiraketa errematatu eta baloia Batalla atezainak babestutako ate barruan sartuta.

Lehen zatiko azken txanpan, Granadak bigarren gola sartzeko aukera onak izan ditu. 42. minutuan, Remirok erantzun ona eman dio Pellistriren jaurtiketari, eta, 45.ean, aurkariek bigarrena sartzea eragotzi du, Sergio Ruizen jaurtiketa desbideratuta. Epaileak zortzi minutuko luzapena eman du. Granadak ekinean jarraitu du, eta Uzunik 2-1ekoa sartu du. Zubeldia hegaletik zetorren erdiraketa aldentzen saiatu da, baina ez du areatik atera, eta Uzunik ez du barkatu Realak babestutako ate aurrean.

Atsedenaldira iritsi aurretik, Donostiako taldea emaitza berdintzetik gertu egon da; Batallak, ordea, erantzun ona eman dio Merinoren erremateari.

Erasokor ekin dio Realak bigarren zatiari, eta bigarren minutuan eman du lehen abisua, Turrientesen jaurtiketarekin, baina Batallak gelditu du. Ondoren, txuri-urdinek atzean sartu dute Granada. Aurkariak babestutako atera askotan gerturatu diren arren, Imanol Alguacilek zuzentzen dituen mutilek ez dute abagune argirik sortu. Ezinean ibili da Granada, baina gertu izan du gola 76. minutuan; Ignasi Miquelen errematea, ordea, kanpora joan da.

Erasora jotzen jarraitu du talde txuri-urdinak, eta ekinaren ekinez saria jaso du 80. minutuan: Le Normandek gola sartu du (2-2), Turrientesen erdiraketa errematatuta.

Ondoren, 86. minutuan, Donostiako taldeak aurrea hartu du markagailuan. Andre Silva izan da golegilea (2-3). Epaileak VAR sistema kontsultatu behar izan du gola balekoa zela ziurtatzeko, eta balekotzat eman du.

Ondo kudeatu ditu Realak partidako azken minutuak, ez dio aukerarik eman Granadari, eta hiru puntuak bereganatu ditu (2-3).

Fitxa teknikoa:

2 - Granada: Batalla; Ricard (Melendo, 89. min), Bruno Mendez, Ignasi Miquel, Carlos Neva, Sergio Ruiz (Gonzalo Villlar, 65. min), Gumbau, Jozwiak (Corbeanu, 80. min), Pellistri, Uzuni (Matias Arezo, 80. min), Lucas Boye (Hongla, 65. min).

3 - Reala: Alex Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Javi Galan (Tierney, 46. min), Zubimendi, Merino, Brais Mendez, Turrientes (Olasagasti, 90. min), Sadiq (Becker, 68. min), Oyarzabal (Andre Silva, 68. min).

Golak: 1-0, 21. min: Uzuni, penaltiz. 1-1, 33. min: Sadiq. 2-1, 47. min: Uzuni. 2-2, 80. min: Le Normand. 2-3, 86. min: Andre Silva.

Epailea: Martinez Munuera. TXartel horia atera dio Sergio Ruiz (45. min) Granadako jokalariari, baita Traore (23. min) eta Sadiq (63. min) Realeko futbolariei ere.