Fitxaketa
Mikel Merinok Arsenalen jokatuko du
EITB MEDIA
Merinok 28 urte ditu, eta duela hilabete batzuk adierazi zuen kontratua ez berritzeko asmoa, 2025eko ekainaren 30ean amaitzen dena, Premierreko klub jakin batzuen eskaintza jasoz gero, Aperribaik astelehenean azaldu zuenez.
Realak eta Arsenalek akordioa lortu dute ostegun honetan Mikel Merino erdilari nafarrak Londresko taldean jokatzeko. Akordioa 33,5 milioi euroren truke eta 5 milioi gehiago aldagaietan itxi dute.
Negoziaziotik gertu dauden iturrien arabera, Jokin Aperribay Realeko presidenteak ostegun honetan itxi du talde ingeleseko arduradunekin Merinoren fitxaketa, bi asteko elkarrizketen ostean.
Merinok 28 urte ditu, eta duela hilabete batzuk adierazi zuen kontratua ez berritzeko asmoa, 2025eko ekainaren 30ean amaitzen dena, Premierreko klub jakin batzuen eskaintza jasoz gero, Aperribaik astelehenean azaldu zuenez.
Eskaintza hori duela aste batzuk iritsi zen Realaren bulegoetara, eta Donostiako taldeak jokalariarengatik ahalik eta diru gehien lortzeko negoziatu du. Izan ere urtebeteko kontratua geratzen zaio eta datorren denboraldian dohainik joan daiteke.
Jokalari nafarrak Osasunako jubenil mailan ekin zion futbolari, eta 2014ean egin zuen lehen taldearekin debuta, Bigarren Mailan. Handik bi urtetara, Borussia Dortmundek fitxatu zuen. Handik, Newcastle taldera joan zen, utzita, 2018ko uztailean Realera iritsi zen arte. Orduz gero, Donostian aritu da erdilari iruñearra. Talde txuri-urdinean oso jokalari garrantzitsua izan da, 242 partida jokatzeaz gain, 25 gol sartuta. 2020an, Errege Kopa irabazi zuen taldean hartu zuen parte.
Bestetik, Mikel Merinok Alemaniako Eurokopa irabazi berri du uda honetan Espainiako Selekzioarekin, finalean Ingalaterra mendean hartuta (2-1). Azken 27 minutuak jokatu zituen.