2-1 Ciutat de Valencian
Barkerok eta Martinsek Reala jipoitu dute
Erredakzioa
Zurutuzak Realaren gola egin du 22. minutuan, baina etxeko taldeak hiru puntuak eskuratu ditu markagailuari buelta emanda.
Realak porrota jaso du Levanteren aurka (2-1), BBVA Ligako 5. jardunaldiko partidan. Jarraipena eman dio horrela Donostiako taldeak etxetik kanpoko bolada txarrari (ez du urtarriletik irabazten).
Aurreneko minutuak erritmo gutxikoak izan dira, eta Barkerok eman du lehen abisua, zortzigarren minutuan. Realeko jokalari ohiak ezin izan du Juanluren erdiraketa ondo errematatu. Vela urrutitik saiatu da 16.ean, baina baloia kanpora joan zaio, gutxigatik.
Zurutuzak markagailua estreinatu du 22. minutuan. Realeko jokalariaren jaurtiketa Munuak defendatutako atearen ezkerreko zutoinean jo eta gero sartu da (0-1). Golak konfiantza eman dio Montanierren taldeari, eta 39.ean 0-2koa saihestu du Levanteko atezainak. Jaurtiketa Velarena izan da. Baina aldi berean, gehiegi erlaxatu da Reala eta, ondorioz, Levante esnatuarazi du.
63. minutuan baliorik gabe utzi du epaileak Levanteren gola (Martins jokoz kanpo zegoen) eta jokaldi horrek min egin dio Realari. 71.ean partida berdindu du Barkerok. Iñigo Martinezek El Zhar jokalariari egindako penaltia adierazi du epaileak eta gipuzkoarrak ez du hamaika metroetatik huts egin.
Maldan gora jarri zaio neurketa Realari, baina puntua ziurtatu zuela ematen zuen. 87.ean, Claudio Bravo atezainaren aurrean bakarrik geratu da Martins eta partida erabakita utzi du 2-1ekoa sartuta.
Fitxa teknikoa:
Levante: Munua; Juanfran, Navarro, Lell, Ballesteros; Iborra (Martins, 46'), Diop, El Zhar, Barkero, Juanlu (Pedro Rios, 70'); Ruben (Michel, 56').
Reala Bravo; Iñigo Martinez, Mikel Gonzalez, De la Bella, Estrada; Illarramendi (Javier Ros, 81'), Bergara, Griezmann, Jose Angel (Castro, 46'), Zurutuza (Xabi Prieto, 77'); Vela.
Golak:
0-1, 22', Zurutuza.
1-1, 70', Barkero, penaltiz.
2-1, 87', Martins.
Horrelakoa izan da partida eitb.com-en