Itxi

EA SPORTS LIGA

Realak puntu bakarra batu du Valladoliden, gehiago merezi arren (0-0)

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Txuri-urdinenak izan dira partidako aukera argienak, besteak beste jokoz kanpo egoteagatik Oyarzabali baliogabetutako gol bat eta Beckerrek langara bidalitako erremate bat, baina Imanolen jokalariek ezin izan dute garaipena lortu.

Sheraldo Beckerrek izan ditu txuri-urdinen aukera argienak. Argazkia: EFE

Realak ezin izan ditu hiru puntuak bereganatu Valladoliden etxean, EA Sports Ligako 6. jardunaldiko lehian, nahiz eta neurketako aukera nabarmenenak bisitarienak izan.

Hala, 10. minutuan donostiarrek aukera bikoitza izan dute, Oskarssonen eta Jon Mikel Arambururen eskutik, Kubok ezkerraldetik egindako erdiraketa baten ostean. Alabaina, aurrelariaren lehendabiziko ahalegina Cenk erdiko atzelari turkiarrak era ikusgarrian atera du atepetik, ezker hanka izugarri luzatuta (gerora aldaketa eskatu behar izan du, jokaldi horretan min egin baitu), eta aldaratzea Aramburu eskuin hegaleko txuri-urdinari iritsi zaio, baina haren jaurtiketak atezainaren eskuetan amaitu du.

Neurketak, apurka-apurka, Realaren aldeko joera hartu du, eta horren adierazle izan da Beckerrek 28. minutuan, kontraeraso azkar batean, izandako aukera argia. Valladolidek korner bat izan du bere alde, baina atzelari txuri-urdinek arriskua aldendu dute, baloia Kubori heldu zaio, eta japoniarrak bikain jarri dio baloia sakonean Surinamgo aurrelariaren abiadura baliatzeko; aitzitik, hura atezainaren aurrera iritsi denean, geldoegi ibili da, eta Amallah etxekoen defentsak aurrea hartu dio jaurtiketa desbideratzeko.

Lehen zatia bukatzear zegoela, Beckerrek beste abagune argi bat izan du, buruz, Aramburuk eskuinaldetik egindako erdiraketa eder bat errematatuz, baina erremate hori Hein atezainak atera du, estutasunekin izan bada ere.

Bigarren zatiari bizi ekin diote bi taldeek, eta batzuk zein besteak arrisku handiz hurbildu dira lehen 15 minutuetan Remiroren zein Heinen ate inguruetara. Besteak beste, txuri-urdinen atezain nafarra argi aritu da Moro aurrelariari hankarekin gola eragozteko, buruz buruko batean.

66. minutuan, Realaren txanda heldu da, korner bidez. Zenbait aldaratzeren ostean, baloia Zubimendiri iritsi zaio, eta hark ozta-ozta jokoz kanpo zegoen Oyarzabali bidali dio, eibartarrak sareetara bidal zezan. Epaileak, baina, gola baliogabetu du, VARari jaramon eginda.

Handik gutxira, 72. minutuan, Beckerrek gertu izan du gola berriro. Oso ondo eman du buelta area barruan, eta horren zartakoak langa jo du, bete-betean.

Hortik aurrera, jokoak behera egin du, eta Reala ez da arrisku gehiago sortzeko gai izan. Ondorioz, hutsean amaitu da neurketa, eta puntu banaketa izan da. Hala, txuri-urdinek bost puntu dituzte sailkapenean, eta Imanolen taldeak lau norgehiagoka daramatza golik sartu gabe.

Fitxa teknikoa:

0 - Real Valladolid: Hein; Luis Pérez, Juma (Cömert, 78. min), Cenk (Torres, 14. min), Lucas Rosa; Meseguer, Juric, Amallah (Kike Pérez, 46. min); Machis (Iván Sánchez, 78. min), Latasa eta Moro (Sylla, 78. min).

0 - Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco, 81. min), Sergio Gómez; Zubimendi, Sucic (Olasagasti, 61. min), Turrientes; Take Cubo (Sadiq, 81. min), Oskarsson (Oyarzabal, 61. min) eta Becker.

Epailea: Guillermo Cuadra Fernández. Txartel horia atera die Valladolid taldeko Juric, Luis Pérez, Lucas Rosa eta Latasa jokalariei eta Paulo Pezzolano entrenatzaileari, eta Realeko Aguerd, Aramburu, Zubeldia eta Turrientes jokalariei.