Erabakia
Roberto Olabek Reala utziko du denboraldi amaieran
EITB Medi
Klubaren futbol zuzendariak kontratua du 2026ko ekainera arte, baina 2024-2025 denboraldi amaieran kargua uztea erabaki du. Realak jakinarazi duenez, Erik Bretosek ordezkatuko du Olabe karguan.
Roberto Olabek Reala utziko du 2024-2025 denboraldiaren amaieran, azaroaren 13an The Athleticek aurreratu eta EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez. Geroago, Realak ofizial egin du albistea.
Gainera, klubak jakinarazi du Erik Bretos izango dela futbol zuzendari datorren denboralditik aurrera. Gaur egun, Bretos da klubaren Futbol Profesionalaren eta Scouting Unitatearen arduraduna.
Klubaren futbol zuzendariak kontratua du Realarekin 2026ko ekainera arte, baina Jokin Aperribay presidenteari eta zuzendaritza batzordeari jakinarazi die kargua utziko duela denboraldi amaieran.
Olabek 2002an hartu zuen kirol zuzendari kargua eta 2005era arte egon zen bertan. Ondoren, 2006-2007 denboraldian, Almeriak fitxatu zuen, han ere kirol zuzendari izateko; Unai Emery entrenatzailearen aldeko apustua egin zuen, eta Andaluziako taldeak Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Almerian denboraldi bat eman ostean, Futbol Liga Profesionalaren (LFP) zuzendaritza teknikoaz arduratu zen, eta 2008an Valladolidek fitxatu zuen. Pucelako klubaren kirol zuzendaritzaz arduratu zen; bi denboraldiren ondoren eta Valladolid Bigarren Mailara jaitsita, bi aldeek amaitutzat eman zuten elkarren arteko lotura.
2016ko maiatzean Roberto Olabe Realera itzuli zen, eta berriz kirol zuzendari kargua hartu zuen. Urtebete pasata, karguari uko egin zion "arrazoi pertsonalak" argudiatuta. Hurrengo urtean, Independiente del Vallera joan zen, kirol estrategiako buru gisa jarduteko.
Azkenik, 2018an Realera itzuli zen eta futboleko zuzendari kargua hartu zuen. Olabek 2026ko ekainera arte zeukan kontratua Realarekin, baina denbaraldi bat lehenago etengo Realean egindako hirugarren etapari.
Fitxaketa aipagarrienak
Roberto Olabe futbol zuzendari zela, Alexander Isak, Martin Odegaard, David Silva edo Mikel Merino izan dira Realaren fitxaketa garrantzitsu eta azpimarragarrienetakoak. Gazteen alde egindako apustua ere aipagarria da.
Lorpenak
Realean emandako azken etapan, gizonezkoen lehen taldeak ibilbide oparoa izan du. Besteak beste, Errege Kopa irabaztea lortu zuen, eta bost urtez jarraian lortu du Europako txapelketetarako sailkatzea, horietatik behin Txapeldunen Ligarako txartela lortuta eta beste lau urtez Europa Ligarako txartela eskuratuta.