Itxi

Europa Liga

Reala jaun eta jabe izan da Dinamo Kieven aurka (3-0)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Oyarzabalen bi golek, bat penaltiz, eta Beckerren beste batek garaipena eman diote talde gipuzkoarrari, hasieratik bukaerara nagusi izan diren partida batean.

Oyarzabal bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 3-0 irabazi du Dinamo Kieven aurka ostegun honetan Reale Arenan jokatu duen Europa Ligako seigarren jardunaldiko partida. Oyarzabalen bi golek, bat penaltiz, eta Beckerren beste batek garaipena eman diote talde gipuzkoarrari, hasieratik bukaerara nagusi izan diren partida batean.

Txuri-urdinek intentsitate handiz ekin diote neurketari eta aurkariaren area gaineko presioa etengabea izan da. Eskuin hegala, Aramburu eta Kubo buru, arriskutsuena izan da Ukrainako taldearentzat, Realak eraso gehien bideratu den tokia. Hala ere, Dinamoko ia jokalari guztiak defentsan ari zirela, etxekoei kosta egin zaie atea aurkitzea.

19. minutuan, jokaldi korapilatu batean, Oyarzabal lurrera bota dute area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Buschanek gelditu egin du kapitainaren lehen jaurtiketa, baina ezin izan du ezer egin aldaratzea gelditzeko (1-0).

Gutxira, Kubok barnekaldi ona egin du area barruan, defentsa batzuk arrastaka eramanez, ondoren Beckerri lagatzeko. Honek, angelu gutxirekin, indarrez bota du gora 2-0ekoa jartzeko.

Ordu erdira, Oyarzabalek beste gol bat sartu du, defentzarengandik ondo ihes egin eta baloia eskuadrara lehertu ostean, partida bideratuta utziz (3-0). Kubok ere bat egin nahi izan du festarekin, eta abagune onak izan ditu, baina ezin izan du gola aurkitu.

Partida bideratuta zegoela, Imanolek minutuak eman dizkie ez ohiko jokalariei, eta Magunazelaia, Marin, Odriozola eta Oskarsson sartu ditu zelaira. Jokoaren intentsitatea jaitsi egin da, eta baloiaren jabetza edukitzean zentratu dira, minik egitea lortzen ez zuen Dinamoren aurrean.

Erasoko jokaldi batean, Marin area barruan erori da eta penaltia eskatu dute, baina, VARean begiratu ondoren, ezerezean geratu da.

Realak 27 jaurtiketekin amaitu du partida, horietatik 14 atera, eta hiru puntu oso baliotsu eraman ditu erraz.

Fitxa teknikoa:

3 - Reala: Remiro; Aramburu (Odriozola, 58. min), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Urko (Turrientes, 78. min), Olasagasti, Brais Mendez (Marín, 4. min6); Kubo (Magunazelaia, 58. min), Oyarzabal (Oskarsson, 58. min) eta Becker.

0 - Dinamo Kiev: Bushchan; Karavaiev, Bilobar, Popov, Diachuk, Dubinchak; Brazhko (Pikhalyonok, 62. min), Mykhailenko; Voloshyn (Bragaru, 81. min), Guerrero (Vanat, 62. min) eta Rubchynskyi (Kabaev, 62. min).

Golak: 1-0, 19. min: Oyarzabal; 2-0, 24. min: Becker; 3-0, 33. min: Oyarzabal.

Epailea: Harm Osmers (ALE). Txartel horia atera die Odriozola, Magunazelaia eta Dubynchak jokalariei.

Albisteak (2)