Itxi

OHAR OFIZIALA

Reala, "haserre" bere hurrengo hiru partidetako ordutegiengatik

A. A. | EITB MEDIA

Talde txuri-urdinak uste du "futbola pertsonengandik urruntzen" dituzten erabakiak hartu dituztela, eta oso kaltegarritzat jo ditu.

Take Kubo, Vila-realen aurkako joan zen denboraldiko neurketan. Argazkia: EFE

Realak ohar bat plazaratu du ostegun honetan bere "haserrea" adierazteko, kexu baita datozen 10 egunetan Liga Txapelketan eta Errege Kopan jokatu dituen hiru neurketen ordutegiengatik.

Talde txuri-urdinaren aburuz, Errege Kopako Rayo Vallecanoren aurkako neurketan (urtarrilaren 16an, 19:30ean jokatuko dena) txapelketa horretako joko garbiaren "faltsutzea" gertatutako da, madrildarrek donostiarrek baino hiru egun gehiago izango baitituzte lehia hori prestatzeko. Izan ere, Rayok ostiral honetan (urtarrilak 10) jokatuko du 19. jardunaldiari dagokion partida, Celtaren aurka (21:00); aitzitik, Realak, astelehenera arte (urtarrilak 13) itxaron beharko du Vila-realen kontra aritzeko (21:00).

Horrez gain, Realak gaitzetsi egiten du gaur bertan 20. jardunaldiari dagokion norgehiagokaren ordua aldatu izana, kontuan hartuta neurketa hori urtarrilaren 19an jokatuko dela, San Sebastian egunaren bezperan, hau da, "urteko gau berezienetako batean", Donostian eta Azpeitian. Partida hori arratsaldeko 18:30erako zegoen aurreikusita, baina gaurko ordu aldaketarekin 21:00etan izango da azkenerako. Reala saiatu da "hasiera batean LaLigak berak finkatutako orduan mantentzen lortzea", baina arrakastarik gabe.

Egoera horiek guztiak aintzat hartuta, Donostiako taldeak irizten dio "futbola pertsonengandik urruntzen" dituzten erabakiak direla, eta oso kaltegarritzat jo ditu. Azkenik, "LaLigak erakutsitako sentsibilitate falta", salatu du publikatutako oharrean.

Albisteak (3)