EA SPORTS LIGA
Realak amaiera eman dio Marcelinok Reale Arenan zuen boladari, Vila-reali irabazita (1-0)
L. E. A. | EITB MEDIA
Donostiarrek hiru puntuak poltsikoratu dituzte Take Kubok bigarren zatiaren hasieran sartutako gol bikainari esker.
Marcelinok badaki zer den Realaren etxean galtzea. Aurretik jokatutako bederatzi norgehiagokatan, asturiarrak ez du Donostian inoiz galdu, Lehen Mailako entrenatzaile izanda. Realak amaiera eman dio gaur bolada horri, Vila-reali 1 eta 0 gailenduta.
Aritz Elustondo izan da Imanolen hasierako hamaikakoaren berritasun nagusia.
Lehen zati eskasa jokatu dute Donostiako taldekoek. Take Kubo izan da, beste behin, txuri-urdinen erasoari bizitasuna eman dion jokalari bakarra.
Marcelinoren taldeak ere ez du askoz gehiagorik egin, Reale Arenan bildutako zale gutxien aurrean. Ordutegiak eta hotzak zail jarri dute bertara gerturatzeko gogoa izatea.
Braisek eman du Realaren lehen abisua neurketako 3. minutuan, baina jaurtiketak atzelari bat jo du. Ondoren, Vila-realek bi aukera izan ditu; bigarrena izan da argiena, 21. minutuan, baina Barryren jaurtiketa kanpora joan da, Remiroren aurrean geratu da eta.
34.ean, Susicen urrutiko jaurtiketak zutoina jo du, Kubok jokaldi ederra egin ostean, baina jokaldia baliorik gabe utzi du epaileak aurretik izandako falta batengatik.
Jokoan eta erasoan ezer gutxi eginda, golik gabeko berdinketarekin iritsi dira bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta gutxira, 51. minutuan, Take Kubok aurretik jarri du Reala, gol benetan ederra sartuta. Japoniarrak Oyarzabalek bidalitako baloia hartu eta bidean atera zaizkion aurkari guztiak gainditu ditu baloia Luiz Juniorren atean sartzeko.
64. minutuan, Remirok banakoa saihestu du, Gerard Morenok egindako erremateari erantzun bikaina emanda.
Susicen aukera
Susicek 2 eta 0ekoa egiteko aukera argia izan du jaurtiketa gogor baten bitartez, baina Vila-realen atezainak baloia desbideratzea lortu du, gutxigatik.
Azken minituetan, Vila-real berdinketa lortzen saiatu da, baina markagailua ez da aldatu. 1 eta 0 Realaren alde, hiru puntuak etxean geratu dira ligako lehen itzuliko azken partidan.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Remiro; Aramburu, Aritz (Pacheco, m.73), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Méndez (Olasagasti, m.73); Kubo (Marin, m.82), Oyarzabal (Óskarsson, m.82) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, m.62).
0 - Vila-real: Luiz Junior; Femenia, Foyth, Kambwala, Cardona; Suarez (Cabanes, m.61), Parejo, Comesaña (Moreno, m.61), Gueye; Barry eta Baena.
Gola: 1-0, m.51: Kubo.
Epailea: Cesar Soto Grado (Errioxako batzordekoa). Txartel horia atera die Realeko Aramburu (70), Aihen (90+1) eta Zubimendi (90+4) jokalariei, eta Vila-realeko Baena (65) eta Foyth (78) jokalariei.