Erregina Kopa
Realak luzapenean galdu du Real Madrilen aurka (3-1), eta Erregina Kopatik kanpo geratu da
I. G. | EITB MEDIA
Sarriegik Weirren gola berdindu ostean, partida luzapenera heldu da, baina txuri-urdinak ez dira gai izan Madrilgo taldearen erritmoa berdintzeko, eta Tolletiren eta Caicedoren golek lehiaketatik kanpo utzi dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak 3-1 galdu du Real Madrilen aurka ostegun honetan Madrilen jokatu den Erregina Kopako final-laurdenetako partida. Sarriegik Weirren gola berdindu eta gero, partida luzapenera heldu da, baina txuri-urdinak ez dira gai izan Madrilgo taldearen erritmoa berdintzeko, eta Tolletiren eta Caicedoren golek lehiaketatik kanpo utzi dituzte.
Partida oso paretsu hasi da, jokoa zelai erdian zentratuta batez ere. Pixkanaka, Madrilgo taldea presentzia irabazten joan da, eta jokoaren kontrola ere bai, baina Donostiako taldeari minik egin gabe. Bitartean, Realak hegaletik zuzendu ditu bere erasoak, arrakasta handirik gabe.
Real Madrilen nagusitasuna gero eta nabariagoa izan da, eta 22. minutuan ireki dute markagailua, Weirren golari esker. Area barruan kontrol bikaina eginda, baloia sare barrura bidali du (1-0).
Txuri-urdinek aurrerapausoa eman dute, eta gol psikologikoa lortu dute lehen zatiko luzapenean. Sarriegik gol ikusgarria egin du, urruneko jaurtiketa batekin, eta 1-1 joan dira aldageletara.
Bigarren zatian, etxekoek baloiaren eta jokoaren jabe izaten jarraitu dute, eta lehen zatian baino askoz aukera gehiago izan dituzte. Letek oso ondo babestu du atea, buruz buruko bat ezerezean utzita, eta langa izan da Realaren salbatzailea zurien hurrengo aukeran.
Horrela, Gipuzkoako taldeak ondo defendatzen eta emaitzari eusten jakin du partida luzapenera eramateko.
Minutu estra horietan, Realak ezin izan dio gehiago eutsi, eta Caicedok (etengabeko amesgaiztoa izan da bisitarientzat) jokaldi bikaina egin du, baloia Tolletiri laga ostean honek nahi bezala gola sartzeko (2-1).
Caicedo bera arduratu da 3-1ekoa egiteaz, banakako beste jokaldi bikain batekin Lete gaindituz.