Europa Liga
Reala, Europa Ligako final-zortzirenetarako txartelaren bila
EITB Media
Talde txuri-urdinak Midtjylland hartuko du Anoetan, Europa Ligako final-hamaseirenetako itzuliko neurketan, eta joanekoan lortutako 1-2ko aldeko emaitza baliatzen saiatuko da txapelketan aurrera egiteko.


Europa Ligako Danimarkan jokatutako Midtjylland vs Reala partidako irudia. Argazkia: EFE
Realak Midtjyllanden aurka jokatuko du, gaur, otsailaren 20an, Europa Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partida. Joaneko neurketan, Danimarkan, txuri-urdinak nagusitu ziren (1-2). Donostiako taldeak gol bateko abantaila du, eta huraxe baliatzen saiatuko da final-zortzirenetara sailkatzeko.
Martin Zubimendik eta Jon Mikel Aramburuk ezingo dute jokatu, txartel horiak pilatzeagatik neurketa bateko zigorra bete behar dutelako; horrez gain, Jon Pacheco eta Hamari Traore min hartuta daude.
Midtjyllandek lana eman zion Realari joaneko norgehiagokan, eta partidako une batzuetan estu hartu zuen talde txuri-urdina. Danimarkako taldeak iragan asteburuan berrekin zion liga txapelketari, neguko atsedenaldiaren ostean, eta ezustekoa ematea izango du helburu. Midtjyllandek inoiz ez du lortu final-zortzirenetara sailkatzea Europako txapelketetan, eta muga hori gainditzen saiatuko da.
Izan litezkeen hamaikakoak:
Reala: Marrero; Aritz, Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez; Olasagasti, Marin, Brais Mendez; Kubo, Oyarzabal eta Sergio Gomez.
Midtjylland: Lössl; Andersson, Diao, Bech, Paulinho; Castillo, Silva, Sørensen edo Byskov; Osorio, Buksa eta Simsir.
Epailea: Serdar Gözübüyük (NED).
Estadioa: Reale Arena.