Berdinketa Anoetan
Osasunak eta Realak puntu bakarra bildu dute derbi borrokatu batean
Erredakzioa
Neurketa oso bizi hasi da, baina minutuek aurrera egin ahala moteldu da. Hasierako abaguneak ez dituzte aprobetxatu bi taldeek eta bigarren zatian aukera gutxiago izan dituzte.
Fitxa teknikoa:
Reala: Claudio Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Illarramendi, Xabi Prieto (Chory Castro, 70. minutua), Zurutuza (Rubén Pardo, 73. minutua); Vela, Griezmann eta Diego Ifran (Agirretxe, 82. minutua).
Osasuna: Andres Fernandez; Damia, Arribas, Flaño, Nano; Oier, Raoul Loe, Cejudo, Armenteros (Timor, 85. minutua), Sisi; eta Kike Sola (Onwu, 62. minutua).
Realak eta Osasunak norgehiagoka eskasa jokatu dute gaur eta puntu bana eraman dute etxera. Jaitsiera postuetatik ateratzeko puntu bakarrarekin ez dute nahiko gorritxoek, ezta txuri-urdinek ere, Europako postuetan kokatzeko.
Euskal derbia oso bizi hasi da Anoetan. Bi taldeek zuzen jokatu eta aurkariaren area bilatu dute. Aurreneko 20 minutuetan zelai erdian joko eta borroka gutxi izan dira.
Realak abagune gehiago eta argiagoak izan ditu, baina Osasunak arriskua sortzeko zenbait aukera izan ditu ere. Hala ere, bi taldeek ez dute asmatu eta pixkanaka-pixkanaka norgehiagokak erritmoa galdu du.
Jokoa gogortu egin da eta bi taldeek kontrol handiagoa ezarri dute. Horrela, jokoak etenaldi gehiago izan ditu. Lehen zatiko azken ordu laurdenean borroka handia izan da zelai erdian eta epaileak sei txartel hori atera ditu, hiru talde bakoitzari.
Philippe Montanierrek bigarren zatian aldaketak egin ditu, baina ez dute helburua lortu; izan ere, nafarrek oso ondo defendatu dute eta Realari areara gerturatzea eragotzi diote.
Hala ere, Agirretxek garaipenaren gola bere oinetan izan du azken minutuan, baina ez da baloira iritsi.