Itxi

Errege Kopa

Realak gertu izan du balentria Real Madrilen aurka, baina Kopako finalik gabe geratu da, luzapenean (4-4)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Partida zoro batean, txuri-urdinek buelta eman diote 0-1eko emaitza negatiboari, Barrenetxeak, Oyarzabalek eta Alabak bere atean sartutako golei esker (3-4). Amaieran, Rüdigerrek gola sartu du, eta Real Madrili finalerako txartela eman dio (4-4).

Mariezkurrena eta Oskarsson, porrotaren irudia. Argazkia: EFE

Reala Errege Kopako finalaren atarian geratu da, Real Madrilen aurka finalerdietako joaneko partidako emaitza negatiboa (0-1) iraultzea lortu arren. Barrenetxearen gol batekin, Oyarzabalen bi golekin eta Alabak bere atean sartutakoarekin, luzapenera eraman dute partida (3-4), baina Rudigerrek azken minutuetan sartutako golak lehiatik kanpo utzi du Donostiako taldea.

Txuri-urdinek zelaian ondo kokatuta hasi dute norgehiagoka: presarik gabe baloia zutenean, eta aurkaria estuan ipinita. Real Madril, gol bateko abantailarekin, zain geratu da, baina laster ekin dio erasoari, kemenez, eta partidako lehen aukerak sortu ditu.

16. minutuan, euskal taldeak kanporaketa berdindu du. Zubimendik pase altu bat jarri du zelai erditik Pablo Marinek baloia orraztu zezan, eta Barrenetxeari eman dio. Realaren 7ak ateraino eraman du baloia, Luninen hanken artetik sartzeko (0-1).

Reala gora etorri da golarekin, eta erasora indartsuago jo du. Une horretan, Aguerdek min hartu du eta zelaia utzi behar izan du ordu erdira iritsi aurretik. Elustondok ordezkatu du.

Gauzak okerrera egin dute, Real Madrilen hurrengo kontraerasoan zuriek berdindu egin dute partida Endricken gol on batekin, baloia Remiroren gainetik botaz (1-1).

Gola makilkada latza izan da txuri-urdinentzat eta Madrilgo taldeak jokoaren nagusitasuna hartu du atsedenaldira arte. Aldageletara joan aurretik, Viniciusek Take Kubori heldu eta lurrera bota du area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi.

Bigarren zatian partidaren gidoia ez da aldatu. Rodrygo kornerretik gol olinpikoa sartzear egon da, baina Remiro adi egon da eta galarazi egin du. Txuri-urdinen aukerarik onena 70. minutuan iritsi da. Zubimendik ondo-ondo errematatu du korner bat, Luninek gelditu egin du eta Oyarzabalek, dena alde zuela, lainoetara bidali du aldaratzea.

Baina, ia jarraian, Reala aurretik jarri da berriro, zorte on apur bat izan du eta. Pablo Marinek defentsa ondo engainatu du, hegaletik sartu da, eta, pasea ematera joan denean, baloiak Alabaren kotra jo eta sarera sartu da Luninen hanken artetik (1-2).

79. minutuan, Oyarzabalek jaurtiketa indartsua egin du areaz kanpotik, Alabaren kontra jo du berriz eta baloia desbideratu egin da, sarean bukatu, eta kanporaketa Realaren alde jarri du (1-3). Baina pozak gutxi iraun dio Gipuzkoako taldeari, kontraeraso azkar batean Bellinghamek kanporaketa berriro berdintzeko gola sartu baitu (2-3).

86. minutuan, Tchouamenik atera bidali du errematea korner baten ostean eta Remirok ezin izan du baloia ondo harrapatu, ate barruan ihes egin diolarik (3-3).

Realak, ordea, ez du amore eman, eta luzapenean ateratako falta batean Oyarzabal kapitaina dena emanda sartu da eta txuri-urdinak aurretik jarri ditu berriro, Luninek irteera txarra egin baitu (3-4). Horrela bukatu dira zorameneko 90 minutuak eta partida luzapenera joan da.

Luzapeneko 30 minutuetan, bi taldeek zain eta muin lan egin dute garaipenaren gola sartzen saiatzeko, eta Real Madrilek presentzia handiagoa izan du txuri-urdinen arean. Azken minutuetan, Rudigerrek buruz sartu du gola korner batean eta Real Madrili eman dio finalerako txartela. Hortaz, Realak, merezi arren, ez du finalerako bidea urratzea lortu (4-4).

Fitxa teknikoa:

4 - Real Madril: Lunin; Lucas Vazquez (Modric, 79. min), Asencio (Güler, 106. min), Alaba (Rudiger, 91. min), Camavinga (Fran Garcia, 91. min); Tchouameni, Fede Valverde, Bellingham; Rodrygo (Brahim, 106. min), Vinicius eta Endrick (Mbappe, 66. min).

4 - Reala: Remiro; Aramburu (Traore, m.80), Zubeldia, Aguerd (Elustondo, 27. min), Aihen Muñoz; Zubimendi, Pablo Marin (Olasagasti, 91. min), Sucic; Kubo (Mariezkurrena, 106. min), Barrenetxea (Sergio Gomez, 68. min) eta Oyarzabal (Oskarsson, 106. min).

Golak: 0-1, 16. min: Barrenetxea. 1-1, 30. min: Endrick. 1-2, 72. min: Alaba bere atean. 1-3, 80. min: Oyarzabal. 2-3, 82. min: Bellingham. 3-3, 86. min: Tchouameni. 3-4, 93. min: Oyarzabal. 4-4, 115. min: Rüdiger.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera die Camavinga, Aramburu, Javi Lopez, Oyarzabal eta Olasagasti jokalariei.

Bideoak (3)