Itxi

36. jardunaldia

Realak ezin izan du Celtaren aurka (0-1), eta ez da hurbildu Europako postuetara

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Alfonek, 44. minutuan, Galiziako taldeari garaipena eman dion gola egin du. Realak, bigarren zatian bereziki, gogo handiz bultzatu du, golaren bila, baina ez du saririk izan, eta ezin izan da gerturatu nazioarteko txapelketaren baterako txartela ematen duten postuetara.

Ander Barrenetxea bigarren zatian zelairatu da. Argazkia: EFE.

Realak galdu egin du, 0-1, Celtaren aurka, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldian, Reale Arenan, astearte gauean. Alfon Celtako aurrelariak, 44. minutuan, Galiziako taldeari garaipena eman dion gola egin du. Realak, bigarren zatian bereziki, gogo handiz bultzatu du, golaren bila, baina ez du saririk izan, eta ezin izan da gerturatu nazioarteko txapelketaren baterako txartela ematen duten postuetara. Hain zuzen ere, Liga amaitzeko bi partida gelditzen direla eta 43 puntu dituela, Realak, behin-behinean, lau puntura du zortzigarren postua, alegia, Konferentzia Ligarako sailkatzea ematen duen postua; hori bai, euskal taldearen hainbat aurkarik ez dute oraindik jokatu jardunaldian.

Jokoan ziren puntuak oso garrantzitsuak ziren, eta, testuingru horretan, Imanolek, hasierako hamaikakoan, Traore kokatu du atzealdeko eskuin hegalean, eta Sergio Gomez ezker hegalean, erasoan. Norgehiagoka hasi eta berehala, hirugarren minutuan, Borja Iglesiasek aukera oso argia izan du Celta aurretik jartzeko, Alex Remiroren aurrean bakar-bakarrik, baina Celtako aurrelariak kanpora jaurti du. Ezustekoa gorabehera,  Realak zelai erdiko kontrola eskuratu du, eta, hegaletatik azkar sartzen ahaleginduta, talde txuri-urdinak ondo jokatu du lehenengo ordu erdian.

Reala vs Celta (0-1): partidako laburpena

Igor Zubeldiak, korner batean pixka bat desbideratuta atera zaion burukada batean, Realaren aukerarik onena izan du, hamaikagarren minutuan. Euskal taldeak ez zuen zulorik topatzen Claudio Giraldezen taldeko atzealdean, eta, lehen zatiko azken minutuetan, Galiziako taldea erosoago ibili da. 44. minutuan, kontraeraso on batean, Borja Iglesiasek Alfoni eman dio pasea; Remirok gelditu egin du Celtako aurrelariaren lehenengo errematea, geldiketa bikaina eginda, baina aldaratzean ezin izan du gola saihestu. Hala, Reala markagailuan atzetik zihoala joan da atsedenaldira.

Bigarren zatian, Reala erritmoa bizitzen saiatu da. Pablo Marinek, 59. minutuan, gertu izan du berdinketa, area barruan egindako jaurtiketa on batean; izan ere, Vicente Guaita Celtako atezainari oso gutxigatik ez zaio baloia barrura joan. Barrenetxea eta Aramburu zelairatu dira, eta, 65. minutuan, Mikel Oyarzabalek, trebetasun handiz, buruz errematatu du, eta baloia langara joan da, zuzenean.

Reala oso sendo aritu da erasoan neurketako azken ordu erdian. Pablo Marinek, Arkaitz Mariezkurrenak, Igor Zubeldiak… euskal taldeko hainbat jokalarik izan dute gola sartzeko aukeraren bat, baina Realaren lan onak eta indarrak ez du saririk izan. VARek, 83. minutuan, Realaren aldeko balizko penalti bat aztertu du, Fran Beltranek eskuz ukitu duelako, baina Garcia Verdura epaileak, hasierako erabakia berretsita, ez du ezer adierazi.

Azkenean, Celtak irabazi du norgehiagokan, baina Realeko zaleek txalotu eta eskertu egin dute talde txuri-urdinak egindako lana; gutxienez, puntu bat merezi izan du euskal taldeak. Igandean, Imanolek Reale Arenan zuzenduko duen azken partidan, Reala Gironari gailentzen saiatuko da, eta itxaropena du azken jardunaldira arte iristeko sailkapenean helburu politen bat duela.

Fitxa teknikoa

0 - Reala: Remiro; Traore (Aramburu, 61. min), Aritz, Zubeldia, Aihen (Javi Lopez, 77. min); Zubimendi, Marin, Brais Mendez (Sucic, 77. min), Kubo, Oyarzabal (Mariezkurrena, 87. min) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 61. min).

1 - Celta: Guaita; Mingueza, Javi Rodriguez, Carlos Dominguez, Ristic (Lago, 77. min), Carreira; Beltran (Sotelo, 91. min), Moriba; Fer Lopez (Duran, 66. min), Borja Iglesias (Losada, 77. min) eta Alfon (Swedberg, 77. min).

Gola: 0-1, 44. min: Alfon.

Epailea: Victor Garcia Verdura (Kataluniako Batzordea). Realeko Aihen, Zubimendi eta Sucic eta Celtako Moriba zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 25.124 zale izan dira Reale Arenan.

Albisteak (2)